Azkeneko lan heriotza salatzeko mobilizazioak
Seigarren aldiz berritu dute Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa
Telematikoki egin zen negoziazio batzordearen bilera. Batzordean, Nafarroaren aldean, parlamentuko talde guztiek dute ordezkaritza. Hala, Nafarroak aste honetan bertan bide emango dio 1990eko Hitzarmen Ekonomikoaren Legearen aldaketari; atzo bertan aurrera atera zuen gobernu kontseiluak, eta etzi aho batez onartuko du parlamentuko osoko bilkuran. Espainian, berriz, lehenik, Ministroen Kontseiluak aurreproiektu bidez onartu beharko du, eta, ondoren, Gorteek baiezkoa eman beharko diote. Ez da ustekaberik espero.
«Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harreman onen adierazle da, eta, Nafarroari dagokionez, luzaroan bilatutako helburua bete da», adierazi zuen Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Haren ustez, autogobernuaren «DNA da Hitzarmen Ekonomikoa», eta akordioak haren «heldutasuna eta egonkortasuna» islatzen ditu. Saizek uste du «urrats esanguratsua» egin dela, eta balioko duela 2021etik 2024ra arteko ekarpenaren kalkulua hitzartzeko. Ez zen ausartu esatera noiz.
Azkena, 2015ean
31 urteotan guztiotan, sei aldiz berritu dute Hitzarmen Ekonomikoa: 1993an, 1998an, 2003an, 2007an, 2015ean eta orain. Aurreko akordioan, VWen BEZaren harira sortutako arrakala handia konpondu ahal izan zuten bi gobernuek —garai hartan, biak eskuinaren kontrolpean zeuden—.
Aurretik, Kontzertu Ekonomikoaren berritzean hitzartu bezala, Tobin tasaren eta Google tasaren bilketa bere gain hartuko du Nafarroako Ogasunak. Bi kasuetan, bilketaren konexio puntuak adostu dituzte. Finantza transakzioen gaineko tasak burtsan 1.000 milioi eurotik gorako kapitalizazioa duten enpresen akzio salerosketak zergapetzen ditu, eta akordioak zehaztu du akzioak bereganatzen diren enpresen egoitza izango dela zergaren konexio puntua; hots, Nafarroan egoitza duten enpresen akzioen salerosketaren ordaina jasoko du foru ogasunak. Zehazki, Viscofanen akzioen salerosketari (2.700 milioi inguruko kapitalizazioa) etekina atera ahal izango dio.
Google tasak %3ko zerga ezartzen die Interneteko publizitate, bitartekaritza eta datu transmisiorako zerbitzu digital handiei. Zerbitzu horietan parte hartzen duen erabiltzailea Nafarroakoa bada, Nafarroan pagatuko du zerga.
Merkataritza elektronikoaren BEZari dagokionez, kontsumoaren lurraldea izango da ordainketarako irizpidea. Oscar Martinez Bujanda Ogasuneko zuzendariaren arabera, Europatik dator aldaketa, eta merkataritza elektronikoan aritzen diren enpresek erregimen berezi horretan ordaintzeko aukera izango dute: «Kudeaketa eta kontrola erraztuko ditu. Leihatila bakarra ezarriko da. Euren ogasunari ordainduko diote, baina, eroslearen herrialdeko BEZaren arabera egin behar denez, horrek esan nahi du gero herrialdeek euren artean diru mugimenduak egin behar dituztela, bildutakoa operazioa egin deneko herrialdera joan dadin». Alor horretan ere, Nafarroaren eta estatuaren arteko diru mugimenduak doitu egingo dira, eta, horretarako, Nafarroako kontsumoaren ehuneko erlatiboa hartuko da aintzat.
Beste hainbat aldaketa egin dira. Errenta zergan, telelanean arituz edo hainbat lurraldetan lan eginez gero, atxikipenak egiteko erreferentzia enpresaren egoitza izango da. Gainera, BEZean eta sozietate zergan, gutxienez operazioen %75 Nafarroan egiten dituzten enpresen zerga biltzeko ardura izango du foru ogasunak; orain arte %100 izan behar ziren.
Hegazti gripearen agerraldia detektatu dute Akamarreko etxalde batean

Akamarreko (Nafarroa Beherea) etxalde batean zeuden ahate guztiak hil dituzte, hegazti gripearen agerraldi bat detektatu eta gero. Ingurua itxi dute, H5N1 birusa zabaltzea ekiditeko.
Yolanda Díaz: “Lan merkatuaren erreforma handiarekin hasiko dugu urtea”

Yolanda Díaz: “Lan merkatuaren erreforma handiarekin hasiko dugu urtea”. Espainiako Gobernuaren bigarren presidenteorde eta Lan eta Ekonomia Sozialeko ministroak ETBn aurreratu duenez, datorren aste honetan berrikuntzak egongo dira Lan Erreformaren inguruan.
Lan-istripuen kopuruak % 17 egin du gora Euskadin: iaz…

Lan-istripuen kopuruak % 17 egin du gora Euskadin: iaz baino 4.900 ezbehar gehiago izan dira. Azarora arte, Araban % 23 hazi ziren lanaldiko istripuak, % 18 Bizkaian eta % 15 Gipuzkoan.
«Bai, nik Errioxa jatorri izena utziko dut; zama bat…
EAJk ez du lortu Madrilen Arabako Errioxarako litzatekeen kontseilu autonomo baten legeaz eztabaidatzea ere. Errioxaren erreakzioa oso bortitza izan da. Zer diozu gertatu denaz?
Nik ondo hartu dut saio hori. Errioxa jatorri izenaren barruan kontseilu autonomo bat sortzeko ekimena upategi batzuek babesten badute, bidea eman behar zaio horri. Baina uste dut Arabako Errioxako kontseilu hori egungo egoeraren ispilu bat bihurtuko litzatekeela agian. Ordezkaritzarena da Errioxa jatorri izenean upategi txikiok dugun arazoa. Ez daukagu pisurik gure geroari eragiten dien edukiak erabakitzen direnean; bakoitzak botilaratzen duen ardoaren araberakoa baita ordezkaritza. Kontseilu hori egingo balitz, Bastidan, Oionen, Eltziegon dauden upategi handiek gidatuko lukete, eta txikiok berriro pisurik gabe jarraituko genuke segur aski. Proiektu gisa ongi iruditzen zait, baina beldur diot ez ote litzatekeen izango egungo egoeraren bikoiztasun bat. Dena den, oso zaila ikusten dut Arabarentzat kontseilu propio bat lortzea.
Non dago upategi handien eta txikien arteko talka gaur egun?
Bolumenean dago. Upategi handiek industriara jotzen dute, banaketa taldeetara, litro asko saltzeko, bolumenean oinarritutako negozio eredu batekin, eta txikiok aspaldian egin dugu kalitatearen alde, gutxiago salduz, baina produktu hobearekin. Eta txikiok gara eskualdeari bizirik eusten diogunok. Hemen bizi gara; hemengo eskoletara bidaltzen ditugu gure umeak; hemengo saltokietan erosten dugu. Handiek mahatsa erosten dute, bai, eta azken bi urteetan gutxieneko preziotik behera ordainduta sarritan. Hori ez da eskualdea sustatzea. ABRA elkarteko upategiok mahatsaren truke ordaindu dugunaren batez bestekoa haien prezioaren gainetik dago, seguru. Gu mahastizainen alboan bizi gara, mahastizainak gara kasu askotan, bizilagunak, eta elkar zaintzen dugu.
Upategi handiek ere aberastasuna sortzen dute, ezta?
Norentzat, ordea? Hau inbertsio ekonomiko bat da talde handientzat; mahastiak espekulatzeko nahi dituzte. Berdin zaie eskualdea: Donostian, Madrilen edo Miamin bizi dira. Batzuk bizimodua ateratzen dugu mahastiekin, eta beste batzuek, dirua besterik ez.
ABRA elkarteak Arabako Mahastiak jatorri izendapen berriaren sorrera abiarazi zuen, 2016. urtean. Zertan da sor-marka berria gauzatzeko prozesua?
Eskaera Madrilen dago, Eusko Jaurlaritzak hara igorri ondoren, eta Espainiako administrazioak postariaren lana egin behar du orain Bruselak erabaki behar duen eduki batean.
Postari horrek oso aurkako txostena igorri du Bruselara…
Tramite bat da euren lana. Lurralde bakar baten barruko izendapena da, eta Jaurlaritzak eman zion bidea. Bruselak ditu sor-marka martxan jartzeko eskuduntzak. Hara iristean, behin-behineko sor-marka eman beharko ligukete, eta horrekin nahikoa genuke gure ardoak Arabako Mahastiak markapean merkaturatzen hasteko.
Noiz iritsiko dira lehen ardoak merkatura Arabako Mahastiak markapean?
Bestelako arazorik ez badago eta epeak betetzen badira, datorren urterako. Bestalde, ezin da ahaztu Errioxa jatorri izenak epaitegira eraman duela Jaurlaritzak gure proiektuari bidea zabaltzeko hartu zuen erabakia.
Zenbat upategiren babesa dauka Arabako Mahastiak proiektuak? ABRA aurrera doa zigiluarekin, baina bazkide guztiak ez daude ados.
ABRA ari da sor-marka berriaren sorrera kudeatzen, baina ABRAkoak ez diren upategiek ere elkartera deitzen dute sor-markaren inguruan gehiago jakiteko, gero Arabako Errioxako upategi asko sartu ahalko dira-eta marka berrian, ez bakarrik elkartekoak. Hori ere ezin dugu ahaztu.
Arabako upategi esanguratsuren batek deitu du marka berriaz gehiago jakiteko?
Bai, batek baino gehiagok.
Zer dago Errioxan zabaldu den histeria horren atzean?
Ez dakit; gure beldur ote dira? Lau katu besterik ez garela esaten dute, eta, aldi berean, sekulako zarata atera dute gure aurka. Utz gaitzatela bakean: gu ez goaz haien aurka, gure proiektuaren alde baizik; erraza da ulertzen. Hamar, 28 edo hirurogei upategi izango gara Arabako Mahastiak babesten dugunok, baina, garenak garela, nahikoak gara sekulako iskanbila sortzeko, antza.
Ez ote dira esklusibotasun klub bat sortuko ote den beldur?
Valles de Sadacia indikatzaile geografikoaren barruan saltzen dute ardoa batzuek Errioxa markapean. Zergatik ez digute guri uzten? Gutxi garela? Zenbat dira Arabako Txakolina egiten dutenak? Ez dugu bostehun izan nahi, ezta 5.000 ere.
Arabako Mahastiak sor-marka duen ardoa sal daitekeenean urratsa nork egingo duen da benetako galdera, nork utziko duen Errioxa sor-markaren aterkia. Izango al da inor?
Bai, noski. Proiektu berrietan gerra batean gertatzen den gauza bera gertatzen da: aurrena, abangoardia doa, infanteria; gero, zaldian doazenak; eta azken-azkenak jeneralak edo erregeak dira.
El Mozo Wines upategiko jabea zara. Zuk utziko al duzu Errioxa?
Bai, nik Errioxa jatorri izena utziko dut. Errioxa aterki bat dela esaten dute; ba, ardo azoka batera joaten naizenean, hauek izaten dira lehen galderak: nongo ardoa den eta zer prezio duen. Errioxa sor-markakoa izanik, harriturik geratzen dira prezioarekin. Errioxa merkeago erostera ohitu dira. Ea nola azaltzen diozun zure ardoak ez duela zerikusirik ezagutzen dituen Errioxako ardoekin.
Zama da, hortaz, Errioxa jatorri izena?
Niretzat, bai. Etiketan adierazi nahi dut nire lana zein den, eta ezin dut: ez didate uzten. Eta nire ardo guztiak generiko gisa merkaturatzen dira, ez ondua edo erreserba gisa, ez ditudalako jatorri izenaren arauak betetzen horrela izendatzeko. Nik nire ardoa nire erara egiten dut, ahalik eta produkturik onena egiteko. Baina ez du urteko ardo soil baten prezioa, hori da kontua. Egile ardo bat da, baina ezin dugu adierazi nahi dugun moduan, eta generiko gisa ateratzen da. Hori zama bat da.
Arabako Mahastiak sor-markapean ala Errioxa jatorri izenpean; upategi batek ezingo du bietan aritu. Horrela da, ezta?
Bai, upategiak batean edo bestean egon beharko du; bietan ezingo da egon. Beste kontu bat da mahastizainek biei saldu ahal izango dietela mahatsa. Eremu batean bi sor-marka egongo dira, eta horrek lehia handituko du, eta prezioak gora igoko, segur aski. Aldagai hori ez dute oso gustuko izango Errioxako upategi handiek, beharbada.
Dragoiaren bolak zikoinen aurka
2 Orduan, dragoia Txina izango da, baina zikoina? Zikoina Lituania da, zehatzago esateko, zikoina zuria, hura baita Baltikoko herrialde horretako animalia nazionala.
3 Ez nekien herrialdeek animalia nazionalak zituztenik, baina tira, ez al da gatazka desorekatua? Dragoi bat zikoina baten aurka? Horixe baietz, baina Txinako dragoiari ez dio asko axola arerioaren neurriak, azken finean beste guztiak baino handiagoa baita, eta haren neurrikoekin ere gatazkak hasteko arazo handirik ez du izan. Kasu honetan, Txina Lituania halako 147 da azaleran, halako 500 biztanlerian, eta halako 301 BPGaren neurrian.
4 Eta zer arazo du Txina handiak Lituania txikiarekin? Lituaniako Gobernuak merkataritza harremanak sakondu nahi ditu Taiwanekin, eta, horregatik, taiwandarrek negozioak errazteko bulego bat ireki dute Vilniusen, eta lituaniarrek Taipein. Bekatu mortala da hori Pekingo agintarien begietara, ez baitute onartzen Taiwan beste estatu bat denik, haien probintzia bat baizik.
5 Dragoiaren irudia berreskuratuta, nolako bolak bota dizkio zikoinari? Lituaniako produktuei Txinako merkatua itxita. Baina modu sasi ezkutuan egin du, atzeko atetik. Lehenik, abenduaren 1ean, Lituaniaren izena desagertu zen Txinaren aduanetako zerrendetatik, eta horren ondorioz konpainia esportatzaileek ezin zituzten bete sarrera agiriak. Handik astebetera, izena berriro agertu zen zerrendan, baina, programa informatikoek «akats bat» zegoela esaten zutenez, ondorioa bera da: ezin dute esportatu. Lituaniako konpainiek ez ezik, hango osagaiak dituzten Alemaniako, Frantziako eta Europako Batasuneko beste herrialde batzuetako enpresek ere zailtasunak izan dituzte Txinara iristeko. Eta Txinako enpresa batzuk hasi dira Lituaniako produktuak erosteari uzten.
6 Europako Batasunak zerbait egin beharko du, ezta? Protesta egin du, baina, badakizu, hortz kamutseko animalia da Europa zaharra. Iragarri du MME Munduko Merkataritza Erakundera joko duela.
7 Ez dirudi horrek Pekin asko beldurtuko duenik. Ez. Batetik, bere kasua aurkezteko denbora beharko du EBk, eta, gainera, epaia iristerako hainbat urte igaro daitezke. Gainera, bada beste arazo bat: Txinako Gobernuak ez du onartzen Lituaniaren aurkako boikot bat hasi duenik. Baltikoko herrialdearen aurkako borroka oraingoz bere menpeko hedabideen esku utzi du. Esaterako, China Daily egunkari ofizialistak interesa azaldu berri du Lituania eta Bielorrusiako mugan dauden migratzaileen inguruan, eta egunkari horrek berak zera esan du Lituaniari buruz: «Sagu bat da, agian arkakuso bat borrokan ari diren elefanteen hanken azpian». Ikusten denez, animalia asko daude gatazka honetan…
Negurik luzeena
Jakina zen hotza etorriko zela. Eta, ondorioz, gasaren garestitzea ere bai. Garestiago, urtarriletik egon baita azken urteetako batez besteko prezioetatik gora. Udan piztu ziren lehen alarmak, argindarrarena marka guztiak apurtzen hasi zenean. Elkar lotuta baitoaz bata eta bestea, gaur-gaurkoz gasa ezinbestekoa delako elektrizitatea sortzeko. Hala, inoizko prezio garestienekin amaituko da urtea. Orain gutxi arte, erakunde eta aditu gehienek esaten zuten datorren urteko udaberrian «normalduko» zirela prezioak; orain, gero eta gehiagok diote ez dela hala izango.
Oraingoz, inor gutxik hitz egiten du energia krisi bati buruz. Denbora beharko da gertatzen ari dena aldi baterakoa den ala egiturazkoa den jakiteko. Baina agerian geratzen ari da bata ala bestea izan ondorioak sakonak izango direla. Izan ere, gasaren auzia deiturikoa ez du COVID-19ak sortu. Urte batzuetatik hona nazioarteko geopolitikaren pieza nagusietako bat da. Batzuek esatea gustuko duten moduan, gasa izaten ari da eta izango da trantsizio energetikoaren energia, berriztagarriak ugaritu bitartean. Eta ekonomiaren berrabiatzearekin batera ikusi da zeinen handia den gasarekiko dependentzia mundu osoan.
Auziari heltzeko asmoz, aste honetan bildu dira Europako gobernuburuak, eta azaleratu dituzte gako batzuk. Batasunaren mugetatik kanpo iristen da kontsumitzen den gas guztia ia, eta bi lekutatik, nagusiki: Errusiako gasbideetatik, Ukrainan zehar, eta AEBetatik, itsasontziz. Eta agintariak Moskura begira jarri dira, beste auzi batengatik, baina lotura zuzena duena gasarenarekin. Errusia Ukrainako mugetan baliabide militarrak hedatzen ari delakoan —2014ko danbor hotsak gogoan—. Europako Batzordeak Putini ohartarazi dio eraso militar batek «ondorio larriak» izango dituela.
Errusiaren, AEBen eta Txinaren artean jokatzen ari da gasaren partida. Aurreneko biak dira munduko lehen produktoreak, eta hirugarrena da bezero nagusia. Europak bere kartak jokatu nahi ditu. Txinaren beharrek garestitu dute kontinentera heltzen den gasa. Eta iritsi, iristen da, kontratuetan jasota dagoen kopuruetan, aldeek onartu dutenez. Baina Europak gehiago behar du, eta merkeago. Biltegiak gutxienekotan daude, eta inportatutako kopuruak mantenduta ere, erreserbak egungoaren mailan egongo lirateke datorren udaberrian, arazoa hurrengo negura luzatuz. Bi aukera ditu Europak: Bata Ukrainatik pasatu gabe Alemaniara doan gasbide berria (Nord Stream 2) zabaltzea litzateke, baina Berlinen baimenen zain jarraitzen du Moskuk —eta interes handia du horretan, Ukraina (AEBen aliatua) zeharkatzen duen gasbidearen menpeko ez izateko—. Bestea, AEBetatik ekartzea; garestiagoa.
Borroka horren erdian Espainiak, Frantziak eta beste herrialde batzuek —funtsean AEBen gasaren menpekoagoak direnak— proposatu dute erosketa bateratuak egitea, COVID-19aren txertoarekin egin den bezala. Baina Alemania buru duen taldeak baztertu egin du aukera hori, ez bada «larrialdi kasu» baterako eta betiere herrialde batzuen artean, baina inolaz ere Europako Batasuna inplikatuta. Argudioa: gasa ez da txertoa; gasaren merkatuan aktore gehiagok parte hartzen dute, eta halako erosketa batek «distortsioak» eragin ditzake barne merkatuetan.
Gasa epe motz-ertaineko politika energetikoen erdigunean egongo da, eta energiaren prezioen aldakortasuna ohikoa izango da. Kasu horretan ezer gutxirako balioko dute gobernuek fakturak merkatzeko hartu dituzten behin-behineko neurriek —BEZaren jaitsiera, bonu sozialak, txekeak…—. Negua iritsi da, eta luze jo dezake.
Garraiolariek lan-prekaritatea gelditzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari
Garraiolariek lan-prekaritatea gelditzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusiaren parean egindako elkarretaratzean, tarifa jakin batzuen azpitik lan egitea ez baimentzeko ere eskatu dute.