Aljeriako eta Errusiako gas gutxiago ari da iristen gasbideetatik…
Hala ere, gasak Europan azken egunetan merkatuetan markatutako prezioei begira —goian oraindik, baina errekorretatik azpira—, esan daiteke azken murrizketek ez dutela antsietaterik hauspotu energia merkatuetan. Seinale merkatu horiek uste dutela bi gertakarien egiazko inpaktua ez dela hainbesterainokoa izango.
Aljeriak ziurtatu du Magreb-Europa gasbidea ixtearekin ez dela gutxituko Iberiar penintsularako gas hornidura; besteak beste, Medgaz gasbidea baliatuko duelako. Gas gehiago garraiatuko du Aljeriatik Alboran itsasoa zeharkatuz zuzenean Almeriara (Espainia) iristen den gasbide horrek; eta Aljeriatik gasontzi bitartez ere iritsiko da gasa penintsulara, GNL gas natural likidotu eran.
Espainian, lasaitasun mezua eman du Enagasek. Herrialdera dagoeneko iaz baino %65 GNL gehiago iritsi da, eta lurrazpiko gas biltegiak %85ean daude beteta; hots, Espainiaren gas erreserben maila hobea da Europako beste herrialde batzuena baino.
Marokok berak ere garrantzia kendu dio Magreb-Europa gasbidearen itxierari, esanez ez duela «eragin antzemangarririk» izango. Baina, gasbidea itxita, eta 25 urteko kontratua amaituta, Marokori bere argindarraren %10 ekoizteko erabiltzen zuen gasa faltako zaio, baita gasbideagatik urtero jasotzen zituen 200 milioi dolarrak ere (172 milioi euro inguru). Ikusi beharko da Aljeriak noraino estutu nahi duen Maroko.
Ukraina
Estututa Ukraina dago, Errusiarekin. Kezka nagusia Nord Stream 2 du Ukrainak. Gasbide hori gasa zuzenean Errusiatik Alemaniara (itsaso azpitik) eramateko egin da. Horrekin, Errusiak ez du Ukrainako gasbideekin horrenbesteko menpekotasunik izango bere gas esportazioetarako; eta Ukraina posizio ahulagoan geldituko da Errusiarekin duen gatazkan.
Baina Nord Stream 2 gasbideak ez du oraindik Alemaniaren baimenik gasa garraiatzen hasteko. Zenbait analistaren arabera, baimen hori baldintza dezakete Alemanian gobernua osatzeko abian dauden negoziazioek ere. Eta, beraz, Errusiak izango luke arrazoirik presio egiteko, adibidez, Europarako gas hornidura erabiliz.
Ukrainaren arabera, orain herrialdea igarotzen duten gasbideetara gas gutxiago ponpatzen hasi da Errusia. Gasbide horietatik egunean 109 milioi metro kubo gas garraiatzeko pagatzen du Gazprom Errusiako monopolioak, baina urrian, egunean batez beste 86 milioi metro kubo ponpatu zituen, eta atzo, 57 milioi.
Murrizketak murrizketa, hala ere, badirudi merkatuek Vladimir Putini sinetsi diotela. Iragan astean, Errusiako presidenteak esan zuen Gazpromi agindua eman diola, behin Errusiako erreserbak hornituta, azaroaren 7an edo 8an Alemaniako eta Austriako biltegiak betetzen hasteko. Berehala jaitsi zen gasaren prezioa Europan.
Lan erreformari buruzko barne bilera, gaur
«Prezio apala irakasleen soldaten bizkar da»
Nolakoa izan zen aurreko astea, grebaren aurrenekoa?
Elkarteak balorazio oso positiboa egin du. Greba luzea da, eta zaila da jendeak eustea. Egia da irakasle gutxi batzuek utzi dutela protesta, baina aurreko deialdi batzuetako babesari eutsi diogu. Bizkaiko irakasleen %65-%70 inguruk egin dute greba. Guztira 300 bat gara.
Zergatik erabaki zenuten greba egun solteak aste osoko greba bilakatzea?
Arrazoi nagusia negoziazio mahaiko urriaren 20ko bilera tamalgarria izan zen. Egun hartan, patronalak berretsi egin zuen uztailaren 28an egin zigun eskaintza, eta gure ustez ez da iristen gutxieneko baldintzetara.
Greba mugagabearen atarian al zaudete?
Greba erantzuna da. Negoziazioa aktibatu behar da, eta, ez bada hori gertatzen, bide orriarekin jarraitu beharko dugu, eta ikus daiteke zer norabidetan doan.
Hurrengo bilera noiz da?
ELA sindikatuak helegite bat jarria du Lan Harremanen Kontseiluan biharko. Oporren auzi bat dugu argitzeko. Patronalarekin esertzeko aukera bat da.
Negoziazioak zertan daude? Zein da egoera egun?
Patronala bere eskaintzan gotortuta dagoela.
Nolakoa da eskaintza hori?
Patronalak dio soldatak eta baldintzak hobetu dituela, baina egin duen gauza bakarra 2011n amaituriko hitzarmeneko KPIak eguneratzea izan da: %13,6. Baina hor ez dago igoerarik, eguneratzea bakarrik da. Gure ustez, gutxieneko eskaintza bat da, eta ezin gara horrekin konforme gelditu.
Eta zuek zer eskatzen duzue?
KPIaren pausoa ontzat jotzen dugu, baina azken 11 urteetan asko galdu dugu, ez baitigute soldata igo tarte horretan. Lanaldiarekin ere arazoak daude, hitzarmenean astelehenetik iganderako lanaldia agertzen da, eta guk astelehenetik ostiralera artekoa izatea nahi dugu.
Zuek eskatzen duzuen hobekuntza zenbatekoa litzateke?
Lehen urtean, igoera handia da. Izan ere, sektore honetan ordainketa irregular asko dago, eta guk nahi dugu ordainketa horiek erregularizatzea. Nominatik kanpo dauden ordainketak erregularizatzea nahi dugu. %36 inguruko igoera bat da. Tira, ez da igoera bat zehazki, KPIaren eguneratze bat da, eta soldaten erregularizazioa.
Horrenbestekoa al da nominaz kanpoko ordainketena?
Bai, oso ohikoa da. Sektorea horrela ordaintzera egokitu da, orduka alegia: tiketa deitzen zaiona. Gainera, guk ez dugu lan ordutegiaren marko bat; beraz, beti egon behar dugu enpresaren beharretarako. Lanordu gehiago egiten baditugu, soldataren zati hori gutun azal batean doa; ordu estrak ez dira nominetan agertzen.
Soldata oinarria 1.003 euroko hamabost ordainketa direla esan duzue. Hala da?
Soldata gordina da hori, eta gero jardun gehigarri bat dugu. Bulegoetako langileek ere gehigarri bat dute matrikulak lortu eta baimenak emateagatik. Plus hori 200 bat eurokoa izan daiteke hilean, baina gero atxikipena dago. Bulegarien soldata garbia ez da iristen 1.000 eurora, eta irakasleak iristen badira hamabost soldatak hamabi ordainketatan banatuta jasotzen dituztelako da.
Prezio apaleko autoeskolek eragin handia izan al dute?
Bai. Irten zirenean, batez ere. Prezio apala lortzen badute, irakaslearen soldataren bizkar da; horregatik dira hain merkeak. Duela hogei urte, orain baino gehiago ordaintzen zen baimena ateratzeagatik. Prezio apaleko autoeskolek prezioak birrindu zituzten, eta enpresek ez zuten jakin erreakzionatzen. Egun, patronaleko autoeskola askok low cost dioen itsasgarri bat dute jarria erakusleihoan.
Lanik ba al dago?
Asko. Autoeskola batzuetan, azterketa teorikoa gainditu eta praktikoarekin hasterako hiru eta sei hilabete artean igaro daitezke. Guztiek dute itxaron zerrenda.
2011ko lan ituna sinatu zenean 428 irakasle zeuden haren menpe; egun, berriz, 300 inguru zaretela diozu. Askok utzi al dute?
Bai. Patronalak irakasle ikastaroak atera nahi ditu, baina ez dago irakasle gabeziarik. Jende tituludun asko dago, baina ez daude prest baldintza horietan lan egiteko. Joan egin dira: autobus gidari, kamioilari… Baldintzak hobetu behar dira horiek erakartzeko.
Sestaoko ACBk ekoizpena etengo du datozen asteetan

Sestaoko ACBk (ArcelorMittal) ekoizpena etengo du datozen asteetan, enpresa batzordeak eta zuzendaritzak jakinarazi dutenez. Dena dela, geldialdia egiteko arrazoi ezberdinak eman dituzte bi aldeek.
EH Bilduk dio Kutxaren egitasmoan ez zela Kutxaespazioaren salmenta…

EH Bilduk dio Kutxaren egitasmoan ez zela Kutxaespazioaren salmenta aipatzen. Koalizioak gaitzetsi egin ditu “Gipuzkoako herritarren diruarekin” egindako “espekulazio operazioak”. PPk esan du beste pauso bat dela “Gipuzkoaren deskapitalizazioan”.
G20ak berretsi du multinazionalei gutxieneko %15eko zerga ezartzea
Pandemia hasi zenetik aurrenekoz, munduko hogei ekonomiarik indartsuenen agintariak aurrez aurre bildu dira, Errusiako presidente Vladimir Putin eta Txinako Xi Jinping izan ezik; haiek bideokonferentziaz aritu dira. Sozietate zerga globalarekin batera, beste hainbat gai izan dituzte mahai gainean: txertoak, klima larrialdia eta herrialdeen zorrak, besteak beste.
Multinazionalen tasari dagokionez, asmoa da neurria 2023tik aurrera ezartzen hastea, baina, prozesua oso konplexua izan daitekeenez, modu progresiboan ezarriko dute. Dagoeneko jakinak dira bide horretako gako batzuk, baina oraindik argitzeko daude beste hainbat; gaur emango dute akordioaren xehetasunen berri.
Atzoko bileretatik jakin ahal izan denez, zerbitzu digitalen gaineko zergak —Google tasa eta gisakoak— onartu dituzten herrialde batzuek, Frantziak eta Espainiak esaterako, AEBekin akordio bat egin dute neurriok Erroman adostutakora egokitzeko. Horren truke, Washingtonek herrialde horiei ezarritako merkataritza zigorrak indargabetuko lituzke —produktu jakin batzuen gaineko muga zergak—. Espainiaren asmoa da hurrengo urtean indarrean jartzea akordioa, Nadia Calviño Ekonomia ministroak atzo Italiako hiriburutik adierazi zuenez.
Lau urte luze pasatu behar izan dira azkenik zerga global bati buruzko akordioa ixteko. AEBen jarrera aldaketak eta, bereziki, Joe Biden presidentearen diru beharrek bizkortu dituzte negoziazioak. Ekainean, G7ko herrialdeek adostu zuten akordioren abiapuntua —%15eko zifra ezartzea—, eta, urrian, OCDEko herrialdeek zehaztu zituzten bi oinarriak.
Akordioa mundu osoan ezartzeak ekar ditzakeen arazoen jakitun, hori modu mailakatuan egitea adostu zuten urrian. Erromako atzoko bileran, 2030eko epea aipatu zuten. Denbora tarte horretarako, salbuespen batzuk adostu zituzten OCDEko kideek. Hala, 2023an, zergaren lehen urtean, zerga globaletik salbuetsita egongo dira aktibo ukigarrien %8ren eta langileen nominaren %10 arterainoko kopuruak; hamar urteren buruan, aktiboen %5era murriztuko dira.
Salbuespen horiek herrialdeek bilduko dutenaren gainean izango dute eragina, eta nabarmena gainera, Europako Batzordearentzat aritzen den EU Tax Observatory behatokiak kalkulatu duenez. Aste honetan kaleratutako azterketa baten arabera, %15eko tasarekin orain arte baino 80.000 milioi euro baino gehiago bil daitezke Europako Batasunean: %25 gehiago. Baina, salbuespenen ondorioz, 19.000 milioi gutxiago izango dira lehen urtean (-%23,3). Salbuespenak kontuan hartuta, Espainiak 2.500 milioi euro gehiago bilduko ditu, eta Frantziak, 3.300 milioi gehiago. Beste herrialdeei dagokienez, salbuespenak aintzat hartu gabe, AEBek 57.000 milioi euro gehiago bilduko dituzte. Eta Txinak, gutxiago: 6.000 milioi.
Egoitza non, onura han
Behatokiak uste du herrialde garatuek aterako dutela onurarik handiena zerga globaletik. Haren kalkuluen arabera, G7ko herrialdeentzat izango da zergarekin bildutako diruaren %57. Arrazoia nahiko sinplea da: herrialde garatu eta aberatsetan daude zerga hori ordainduko duten multinazionalen egoitza nagusiak. Tax Observatoryk zenbatu duenez, multinazionalen erdiek G7ko herrialdeetan dituzte egoitzak. AEBetan %28k, Europako Batasunean beste %15ek, eta Asian %38k, batez ere Txinan eta Japonian.
Beste eragile batzuek akordioa kritikatu dute, multinazional askori ez dielako eragingo neurriak, bereziki irabaziak banatzearenak, eta zerga ihesaren sakoneko arazoa ez duelako konpontzen. Hiru herrialdek —Nigeriak, Kenyak eta Sri Lankak— ez zuten sinatu OCDEren urriko bileran adostutakoa. Beste batzuk, berriz, akordiora batu ziren, hasieran aurka azaldu ziren arren; Irlanda, adibidez. 2003az geroztik %12,5eko sozietate zerga du, eta horrek multinazional askori bide eman die han egoitza jartzeko.
Eta Euskal Herrian zer gerta daiteke? Berez, akordioak ez luke eraginik izango, enpresa handientzako zerga %15en gainetik dagoelako eta multinazionalen adarren egoitza gehien-gehienak Espainiako eta Frantziako hiriburuetan daudelako. Dena den, neurriak beste eztabaida bat berpiztu dezake. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, tasa orokorra %24 da enpresa handientzat, eta Nafarroan, %28. Baina ELA sindikatuak aurten kaleratutako txosten baten arabera, hortik behera ordaintzen dute askok, kenkariez baliatzen direlako: azterketak dio 2019an 22 enpresa handik batez beste %7,6 ordaindu zutela sozietate zergan, eta batzuek, «ezer ez».
SOLDATAK KPI-RA BEGIRA
«Soldaten sekulako debaluazioa eragingo du egoera honek, eta, batez ere, gehien prekarizatutako sektoreetan», ohartarazi du ELAko Azterketa taldeko kide Xabier Zabalak. Uste du orokorra izango dela erosteko ahalmenaren galera, eta SMI gutxieneko soldata jasotzen ari direnen artean are handiagoa. «%1,6 bakarrik igo du Espainiako Gobernuak, eta urtea amaitzerako %5 ingurukoa izan daiteke KPIaren urte arteko tasa». Haren esanetan, datu horrekin dena esana dago. Zenbateko soldata igoera izango duten jakin duen beste sektore bat langile publikoena izan da: %2 igoko diete lansaria; kolektibo horrek ere hiru puntu inguruko galera izan dezake azkenerako».
Krisi garaian ondorioak «betikoek» ordaintzen dituztela esan du Zabalak: «langileek». «Ez dakigu zenbat iraungo duen inflazioa gora bultzatzen duen fase honek; baliteke martxora arte izatea, baina badakigu nork ordaintzea nahi duten». ELAko kidea sinetsita dago langileen soldatak debaluatzera doazela berriro, «2008ko krisian bezala», eta hori galarazteko modu bakarra «langileen eskubideen alde» mobilizatzea dela.
Zabaltzen ari den agertokia «oso kezkagarria» da sindikatuentzat, 2008tik erosteko ahalmena galdu dutelako soldatek; 2008tik 2018ra arteko hamarkada beltza izan zen lansarien debaluazioan, %10etik gora apaldu baitziren lan erreformaren ondorioz. Hego Euskal Herriko batez besteko soldata, adibidez, apenas aldatu den azken hamarkadan, eta, bitartean, inflazioa %15 baino gehiago handitu da 2010eko irailetik 2021eko irailera.
Arrakala soziala handitzen
LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek ere garbi ikusten du erosteko ahalmenaren galera oso handia izango dela urte amaieran. «Pandemia osteko susperraldia saltzen digute etengabe, baina susperraldi hori ez dago langileon bizi baldintzetan». Perezek abisua eman du: soldata handienak dituztenek sumatu zuten 2015az geroztik susperraldia, eta ez horrenbeste soldata apalenekoek. «Arrakala soziala gero eta gehiago handitzen ari da, eta atzean geratzen ari dira gazteak, emakumeak, migranteak… Orain ere beste koska bat irits daiteke arrakala hori handitzeko inflazio handi honekin».
LABeko kideak dei egin die langileei «aktibatzeko eta borroka egiteko», bestela ez duelako uste susperraldia gehien behar dutenei iritsiko zaienik. «Borrokaren bidez urratsak egitea da gure asmoa. 2008az geroztik galdutakoa berreskuratzeko leiho bat ireki daiteke, eta dagokiguna, kendu zigutena, berreskuratzeko baldintzak sortu behar ditugu». Lan erreforma langileentzat «alkandora hertsagarria» dela dio, eta Madrilen gobernu aurrerakoiagoa egonda ere «ez dela gai izaten ari» hura indargabetzeko. «Espainiako gobernu eskuindar eta liberalak egonda ere, Hego Euskal Herrian lortu dugu estatuan baino lan baldintza hobeak edukitzea, eta borroka sindikalari esker lortu da hori».
«Inflazio handi hau lan itunak egiteko oztopo bihur daiteke»
Inflazioa %5etik gorakoa izan daiteke aurki, eta soldatak gutxiago igotzen ari dira. Zenbat igotzen ari dira itunpeko langileena batez beste?
Inflazioaren oso azpitik igotzen ari dira, bai. 2021ean indarraldian dauden lan hitzarmenetako langileen soldatak %0,91 igo dira batez beste irailera arte. Indarrean dauden itun horien gehienak ez dira 2021ean egin, aurreko urteetan baizik. Aurten berritutakoen batezbestekoa apur bat handiagoa da: %1,27 hain zuzen.
Zergatik dira hain txikiak igoera horiek KPIa igotzen ari denaren aldean?
Negoziazio kolektiboaren dinamikak azaltzen du. Hitzarmenen %85etan KPIa baliatuta negoziatzen dira igoerak. KPIa gehi portzentaje bat izaten da sarri askotan. Arazoa da, kasu honetan, erreferentzia gisa hartzen den KPIa aurreko urtekoa izaten dela, eta horrek azaltzen du hein handi batean 2021eko lansarien igoera %0,91 baizik ez izatea. 2020. urteko KPIa da igoera horiek egiteko erreferentzia, eta aurreko urtean inflazioa negatiboa izan zen.
Zer esan nahi du horrek?
Horrek arazoak eragin zituen, KPIa negatiboa izanda soldatak jaitsi egin behar ote ziren duda sortu zelako enpresa batzuetan. Auzitegiek ezetz esan zuten. Negatiboa denean KPIa zero gisa hartzen da soldatak igotzeko. Beraz, zero izan da 2021eko soldatak igotzeko erreferentzia erabiliena, eta, horregatik, igo da hain gutxi itunpekoen batezbestekoa. Alegia, oraindik ez dira jasotzen ari aurtengo inflazioaren gorakada handia. Baina 2021ean erregistratutako itunetan soldata igoera handiagoa da, eta soilik urteko lehen hilabeteen datuak dauzkagu.
Badira zenbait hitzarmen soldatak KPIa bezainbeste igotzeko babes-klausula bat jasotzen dutenak. Kopuru esanguratsu bat da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan?
Ez. Hemen, aurreko urteko KPIa hartzen da erreferentzia gisa. Arazoa da inflazioa oso gora edo oso behera egiten duenean, desbideraketak eragiten dituela. Gutxi batzuek jasotzen dituzte igoera jakin batzuk, horiek ere KPIa erreferentzia gisa hartuta, baina urte amaieran urte arteko KPIaren araberako zuzenketa bat jasotzen dute. Horiek aurtengo inflazioaren gorakada islaturik ikusiko dute lansarian, urte amaieran. Baina gerta zitekeen alderantziz: %2ko igoera hitzartu eta, gero, igoera hori apaldu behar izatea inflazioa negatiboa izan delako. Edonola ere, 2022an erregistratzen diren itun berrietan 2021eko KPI handia jasoko dute aldeek.
Hau da, erosteko ahalmenaren galerak epemuga bat izango du?
Izan beharko luke. Datorren urtean gaurkotzen diren itunetan jaso beharko delako aurtengo KPIa.
Betiere, enpresek uko egiten ez badiote itunak negoziatzeari, eta lan gatazkak ugaritzen ez badira hain justu arrazoi horregatik, ezta?
Hori da. Ez dut horrelakorik espero, baina ezin da baztertu gatazken gorakada bat enpresek uko egiten badiote aurtengo inflazioa soldatetara eramateari. Baina dagoeneko negoziaturik dagoena KPIaren erreferentziarekin dago adostua, eta itun horietan jasoko da inflazioa. Egia da lan hitzarmen asko daudela negoziatzeko eta adosteko, eta inflazio handi hori oztopo bat gehiago izan daiteke itun berriak egiteko.
Itunpekoen soldatak puntu bat eskas igotzen ari dira, eta KPIa %5 baino gehiago. Lau puntuko galera da hori urtebeterako behintzat. Ez ote du luzaroan iraungo desoreka horrek?
Inflazioa egiturazkoa bihurtuko den ala ez, horren arabera luza daiteke. Inflazioak egungo mailan segitzen badu datorren urtean ere, negoziazio kolektiboan arazo bat izango da. Itunak berritzen ez badira, soldatak izoztu egiten dira. Itunen negoziazioak blokeatzeak eragiten duen ondorioetako bat izaten da hori.
Negoziazio kolektiboaren joko eremua aldatzera doa Madrilen lan erreforma eginda. Euskal errealitatea aintzat hartuz, zein eduki aldatzea komeni da akordioak errazteko?
Nik, LHKko presidente gisa, ezin dut nahirik azaldu lan erreformaren inguruan. Badut nire iritzia, baina zuhur jokatu behar dut. Esango dizut euskal lan harremanei begira garrantzitsua dela ultraaktibitatearen edukia. Itunak beti indarrean egoteak egonkortasuna ematen die lan harremanei. Hitzarmen bat galtzea oso kaltegarria da langileentzat. Gaur egun egiten den negoziazio kolekiboak berretsi egin du ultraaktibitatea urtebetera mugatzea ez dela lagungarria, eta akordioetan jasotzen ari dira ultraaktibitate luzeagoak, mugagabeak ere bai.
Enpresa ituna sektorekoaren gainetik dago, eta hor eztabaida bat sortu da Madrilgo gobernuaren barruan. Zer diozu?
Eduki garrantzitsua da, baina nahiago dut iritzirik ez eman. Dena den, Euskadirentzat garrantzitsuena da sektoreko negoziazio kolektiboa babestea estatuko negoziazioaren aurrean. Euskal eragile guztiek, lau sindikatu nagusiek eta Confebaskek, euskal negoziazio kolektiboa babesteko akordioa egin zuten 2017an: lanbide arteko euskal esparru akordioa. Balizko erreforma batek orain baino argiago jaso beharko luke erkidego mailako akordio bat dagoenean juridikoki hark duela lehentasuna. Erreforma horrek argi eta garbi jaso beharko luke euskal sektore itunak lehentasunezkoak izango direla.
CCOOk euskal esparru akordio hori auzitara eraman zuelako eskatzen ari zara hori?
CCOOren estatuko federazioak eraman zuen, bai. Euskadiko CCOOk esparru akordio hori sinatu zuen. Itun horren helburua da Euskadi mailako sektoreko itun guztiei lehentasuna ematea. Ez bakarrik erkidego mailakoei, baita probintziakoei ere, haien bidez egituratzen baitira hitzarmen gehienak. Akordio hori indarrean dago, baina Langileen Estatutuak ez du jasotzen behar bezain argi lehentasuna izan behar duela beste batzuen aurrean.
Pandemiak ez dio lagundu negoziazio kolektiboari. Nola doaz lan hitzarmenak 2021. urtean?
Egia da pandemiak ez duela lagundu, baina edalontzia erdi beteta ikusi nahi dut nik. Itunen %40 berritu dira. Egindako batzuk erregistratzeko daude oraindik, eta espero dut %50era iritsiko garela aurten. Bai, edalontziaren erdia da, baina garai zailetik gatoz. Metalgintzako itunak ere berreskuratu ditugu. Hau da, ikus daiteke edalontzia erdi beteta. Erreformaren ondoren, langileen portzentaje esanguratsu bat itunik gabe geratu zen, hain zuzen ultraaktibitatea mugatu zelako, eta orain erdira murriztu da itunik gabekoen multzo hori. Hala ere, soldatapekoen %10ek oraindik ez dute lortu hitzarmen baten babesa, hau da, 90.000 langile. 2019an, ordea, %20 ziren. Segitu behar dugu lanean.
Krisi ekonomikoak lan gatazkak areagotu ditu. Susperraldia hasi da, baina iritsiko ote da oraindik lan gatazka handien serie bat?
Ekonomiaren eboluzioa garrantzitsua da lan gatazkei begira. Susperraldia iristea da berme onena ikus ez ditzagun lan gatazka handiak. Azken datuak ez dira oso onak. Erakunde batzuk hasi dira hazkunde aurreikuspenak apaltzen, eta itzal handi bat da inflazio handia. Susperraldia atzeratu baino ez da egin, edo sortu diren arazoak luzerako dira eta sartzen ari gara hazkunde apaleko fase batean? Nik uste dut susperraldia atzeratu egingo dela, baina iritsiko dela; ez alferrik banku zentralak aldi baterako egoera balitz bezala jokatzen ari dira, eta langabezia datuak oso onak dira. Baina egia da aldi baterako enpleguen portzentajea handiegia dela, eta sektore publikoak badu horretan ardura handi bat.
ELAk eta LABek greba orokorrera dei dezakete aurki. Zer iritzi duzu horretaz?
Ulertzen dut zuk hori galdetzeko betebeharra daukazula, eta nik, berriz, ez erantzutekoa. Nahiago dut baloraziorik ez egin.
Argindarraren orduko megawattaren prezioa 79 euroraino jaitsiko da igande…

Argindarraren megawatt orduaren prezioa 79 euroraino jaitsiko da bihar. Abuztu hasierako mailara itzuliko da argindarraren prezioa igande honetan, urriko preziorik baxuenarekin. Hori bai, igaro den hilabetea inoizko garestiena izango da.