Bi dolu egun ezarri dituzte Ondarroan arrantzale baten heriotzagatik

Bi dolu egun ezarri dituzte Ondarroan arrantzale baten heriotzagatik. Jatorri senegaldarreko langileak irailaren 28an hil zen Frantziako Estatuko kostan.

2020
Ekainaren 25a. Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari ordezkariak ohartarazi zuen «berregituraketa» bat aztertzen ari zirela, pandemiak erabat irauli zuelako ona izan behar zuen urtea. Jarduera erdira murriztuta zegoenez, eta petrolio konpainiek inbertsioak moteldu zituztenez, Tubacexek ere kostuak jaitsi beharko zituela iragarri zuen: «Sektore guztian iragarri dira berregituraketa basatiak».
Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari nagusia eta Alvaro Bidegain kontseilari delegatua.
2021
Otsailaren 8a. Esmorisen oharra gauzatu egin zen: Tubacexeko zuzendaritzak iragarri zuen 150 langile kaleratu nahi zituela Arabako bi lantegietan: Amurrioko Aceralavan eta Laudioko TTIn. Lantaldearen ia %20 zen, hodien egileak 800 langile baitzituen Aiaraldeko fabriketan. «Egiturazko arazoak» zituela argudiatu zuen enpresak. Azaldu zuen azken sei urteetan gasaren eta petrolioaren sektorean jarduera %50 murriztu dela, eta ez zuela espero epe motzean lehengoratuko zenik. Langileek, berriz, erantzun zuten behin-behineko krisia zela, pandemiak eragindakoa, eta, beraz, egoeraren araberako neurriak behar zirela, inor kaleratu gabe.
Otsailaren 11. Langileek mugagabeko greba hasi zuten iragarritako kaleratzeen aurka. Tubacexeko langile batzordean ordezkaritza duten bost sindikatuek babestu egin zuten: ELA, STAT, CCOO, LAB eta ATAL.
Martxoaren 15a. Erregulazio espedientea negoziatzeko epea amaitu egin zen, zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien inolako akordiorik gabe. Kaleratze kopurua 129ra murriztu zuen enpresak. Azken bilera Bilboko hotel batean izan zen. Sarreran, ertzainek langile batzordeko kideak miatu zituzten. Sindikatuek gogor kritikatu zuten keinu hori, eta Ertzaintzak piketeen aurka erabilitako «indarkeria».
Martxoaren 22a. Lehen manifestazio jendetsua, Aiaraldean (Araba). Mobilizazio handi ugari egon dira Tubacex auzian. Gehienak epaiketa aurreko hilabeteetan. Grebalariek babes sozial handia jaso dute. Maiatzaren 26an balio sinboliko handiko beste manifestazio bat antolatu zuten Bilbon. Lan gatazka askotan —Tubacex, H&M, ITP, Novaltia, Bilboko Argiak…—murgildutako langileek egin zuten bat.
Ekainaren 21a eta 22a. Langile batzordeak helegitea jarri zion lan erregulazioari eta bi egunez epaitu zen EAEko Auzitegi Nagusian. Egun batean TTIren kasua eta bestean Aceralavarena. Enpresak azaldu zuen ez zuela lan kargarik hainbeste langilerentzat, eta COVID-19ak sektorearen krisia areagotu zuela. Sindikatuek behin-behineko neurriak eskatu zituzten.
Uztailaren 6a. EAEko Auzitegi Nagusiak langile batzordearen helegitea onartu, eta lan erregulazioa indargabetu zuen. Lan Arloko sei epailek, hiruna epaiketako, aho batez esan zuten Tubacexek ez zuela kaleratzeak egiteko arrazoi estruktural edo ekonomikorik. Epaile batek boz partikularra idatzi zuen, baina bere egin zuen beste kideen azterketa. Kaleraturiko 129 langileak berriz kontratatzera behartu zuten enpresa. Tubacexek egun hartan jakinarazi zuen helegitea jarriko zuela Auzitegi Gorenean. Bi aldeen abokatuen ustez, urtebete igaro zitekeen helegitearen inguruan ebazterako.
Uztailaren 13a. Tubacexek ebazpena onartzen zuela esan zuen, baina kaleratu asmo zituen langileak ez zirela plantetan sartuko Auzitegi Gorenak ebazpena eman arte. Batzordeak ez zuen begi onez ikusi erabaki hori, eta grebarekin jarraitzea erabaki zuen.
Uztailaren 27a. 2020. urtean 25 milioi euro galdu zituen Tubacexek, eta 2021. urtea ere bide txarretik hasi zen. Lehen sei hilabeteetan 23,3 milioi euroren galera izan zuela jakinarazi zuen, eta iazko epe berean baino % 43,3 gutxiago saldu zuela. Konpainiak azaldu zuenez, eskaera zorro oso eskasarekin hasi zuen urtea, eta horrek «jarduera maila txikiak» eragin ditu taldeak munduan dituen planta guztietan, «batez ere Arabako lantegietan».
Langile batzordeko kideak, protesta batean.
Abuztuak 31. Uda garaia nahiko antzua izan zen negoziazioetan, baina bazuen arrazoia, langile batzordeak eta enpresak bazekiten abuztu amaieran elkar ikustera behartuta zeudela indarrean zegoen aldi baterako lan erregulazioa negoziatzeko. Hiru bilera izan ziren, eta enpresak berretsi zuen ez zuela helegitea kenduko. Hura kentzeko modu bakarra langileek neurri estruktural gogorrak onartzea litzateke, alegia, soldata nabarmen jaistea.
Irailaren 14a. Gatazka osoan, Tubacexek hainbatetan esan du grebak planten etorkizuna kolokan jartzen duela. Irailaren 14ko oharra gogorrenetakoa izan zen. Zuzendaritzak esan zuen 174 langileren sinadurak zituela, eta haien izenean grebarekin jarraitu edo bozkatu behar zela.
Irailaren 15. Jaurlaritzako Lan Saila negoziazioan sartu zen. Enpresak eskatu zion, eta sindikatuek onartu egin zuten. Bi aldeek begi onez ikusi zuten ahalegin hori. Elena Perez Barredo Lan sailburuordea izan zen Jaurlaritzaren artekaria. Egoera aztertzeko, lehen bi bileren ondoren «sintesi eskaintza» bat diseinatu zuen. Lau bilerako saila akordiorik gabe amaitu zen, sindikatuek azken orduan eskaintzaren puntu bat aldatu izana leporatu ziotelako Jaurlaritzari.
Langileak, kaleratze gutunak erretzen.
Irailak 24. Sindikatuek irailaren 15eko bilerako talka punturik handiena —borondatezko kaleratzeen ingurukoa— konpon zezakeen eskaintza bat helarazi zioten Lan Sailari. Hark enpresari jakinarazi zion, eta zuzendaritzak begi onez ikusi zuen. Atzoko bilera hitzartu zuten.
Irailak 30. Tubacexeko zuzendaritza, langile batzordea eta Lan Saila Lakuan bildu ziren. Akordiorako oinarria sinatu zuten gehienek. Sindikatuek afiliatu bileretan berrestea falta da.
Lakuan zuten atzo bilera zuzendaritzak eta enpresa batzordeak, Lan Sailaren bulegoetan. Funtsezkoa izan da sailaren eta Elena Perez Barredo sailburuordearen ekarpena, haien gidaritzapean egindako bost bileretan askatu baitute askaezina zirudien gatazkaren korapiloa. Enpresako zuzendaritzak eskatu zuen Jaurlaritzaren artekaritza, eta langileek ontzat hartu zuten. Perez Barredok nabarmendu zuenez, bere lana izan da zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko «topagunea» lortzea, eta pozik agertu da gatazka konponbidean jarri delako elkarrizketaren bidez. «Irtenbiderik onena da bi aldeek adostutakoa».
Lan sailburuordeak ez du iritzirik eman nahi izan hitzartutakoren edukian —«Eusko Jaurlaritza ezin da negoziazio kolektiboan sartu»—, baina bai, noski, sindikatuek. Ñabardurak ñabardura, denek azpimarratu dute gaur 234 egun beteko dituen grebak lortu egin duela xede nagusia: kaleratze traumatikorik ez izatea. Marra gorria hori zela gogorarazi du ELAk —lau kide ditu enpresa batzordean, STATek adina; hiru ditu CCOOk, eta bana LABek eta ATALek—, eta horregatik egin zuela porrot joan den asteko saioak.
Zehatzago izateko, lan erregulazioaren negoziazioaren ondorioz enpresa uzteko eskaintza onartu zuten 22 langileen kasuak atzeratu du konponbidea. Sindikatuek argudiatu dute langile horiek egoerak behartuta onartu zutela kaleratzea, enpresak esan zielako beren lanpostuak kendu egingo zirela. Baina EAEko Auzitegi Nagusiak erregulazio espedienteko 129 kaleratzeak indargabetu zituenean, 22 kaleratze horiek borondatezko izateari utzi ziotela diote sindikatuek, kaleratze behartuak zirela.
Haietako batzuk berriro Tubacexera itzultzeko borondatea agertu dute, eta haientzat lekua egitea bilakatu da azken egunotako erronka nagusia. Langile horiek itzuli egingo dira Tubacexera, beste batzuk prest daudelako orain enpresa uzteko; kontratu etete horiek kaleratze bidegabe moduan kudeatuko dira, eta, kalte ordainaz gain, 3.000 euroko ordainsari bat jasoko dute. Era berean, hamasei langilek erretiro aurreratua hartuko dute.
Hiru urterako ituna
Halako kasu gehiago egon daitezke hurrengo urteetan, baina enpresak konpromisoa hartu du 2022-2024ko epean behintzat ez duela inor modu traumatikoan kaleratuko. Hiru urterako lan ituna berritu dute negoziazioetan, eta, horretan, lan kostuak txikitzeko —edo ez handitzeko— beste neurri batzuk hartu dituzte: 2021eko tauletan soldatak %3 igoko dira, baina 2022an, 2023an eta 2024an izoztuta izango dira, eta enpresak langileen BGAE edo pentsio osagarrietarako egiten duen ekarpena %4tik %1era jaitsiko da. Neurri horiei guztiei esker, Arabako bere plantetan «derrigorrezko kostu txikitzea» egin ahal izatea txalotu du Tubacexek.
Gainera, lortu du langileek urtean beste 40 ordu lan egitea; 1.696 guztira. Azken baldintza horrek sindikatuen kritika piztu du. ELAri «kontraesana» iruditu zaio lanaldiaren luzapena eskatzea eta, aldi berean, aldi baterako enplegu erregulazioak egin nahi izatea. LABek ere salatu du «sobran omen zeuden langileak» bota nahi izatea eta lanaldia luzatzea, eta bereziki haserre azaldu da Lan Sailarekin, aukera hori proposatu duelako. Oro har, «lotsagarria» iruditu zaio LABi Jaurlaritzaren jarrera negoziazioetan, uste baitu enpresaren «bidelagun» izan dela. Horregatik, sindikatu horrek ez zuen atzo akordio baterako oinarria sinatu, eta gaur hartuko du azken erabakia, bere afiliatuen iritzia entzun ondoren.
Desadostasunak izan arren, sindikatuek onartu dute hitzartutakoa grebaren ondorio izan dela: «Proposamenak sindikatuon eskaerak jaso ditu Tubacexeko langileek otsailaren 11tik greba mugagabea egin dutelako. Horrek eman digun oihartzun eta indarra giltzarriak izan dira», esan du ELAk. LABek «borrokaren bidea» goraipatu du, eta hala egin du CCOOk ere, baina sindikatu abertzaleei kritika bat egiteko aukera galdu gabe: «Negoziazioa eta mobilizazioa dira CCOOren nortasun ikurrak, langile klasearentzat eskubideak lortu eta horiek babesteko formula zalantzaezina, beste estrategia batzuen aldean».



Espainiako INEk Hego Euskal Herriko inflazioaren datua emango du luze gabe, eta oso litekeena da Atzeraldi Handiaren lehen urteetara jo behar izatea jakinaraziko duen KPIaren erreferentziak aurkitzeko. Izan ere, bizitzaren garestitzea gora eta gora doa pandemiaren osteko susperraldiak hauspotuta, eta dagoeneko %3,3 da KPIa Hegoaldean. Bada, %4ko langatik hurbil geratuko da irailean, kontuan hartuta INEk jakinarazi duela Espainiako inflazioa %4ra igo dela. 2008. urtetik ez da garestitze handiagorik izan adierazle horretan. Horregatik, Hego Euskal Herrian ere gorakada handia espero da inflazioan. Argindarra kontrolik gabe doa gora, eta handizkako merkatuan 190 euroan da kilowatt-ordua. Horri gehitu behar zaio petrolioa gero garestiago saltzen ari dela, eta Brent upelak 80 dolarrak gainditu dituela.
Izan ere, Aranbururen ustez, «ziklo mobilizatzaile berri bat» irekitzeko arrazoiak badira, «sobera» gainera. Lanuzte orokorra urtea amaitu aurretik egin nahi du LABek, eta ELAren erantzunaren zain dago. Bitartean, Aranburuk ez du gehiago itxaron nahi. «Greba Madrilera begira, bai, baina greba, batez ere, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat», esan zuen.
Baikortasun giroa zabaldu zen atzo Laudio eta Amurrio artean (Araba). Azken asteetan diskrezioa eta sukalde lana gailendu dira negoziazioetan, eta Lan Sailaren artekaritza, enpresak hala eskatuta, erabakigarria izan da prozesuan. Iragan asteko bileraren ondoren, zubiek hautsiak ziruditen, baina langile batzordea (ELA, CCOO, STAT, LAB eta ATAL) izan zen ostiralean telefonoa altxatu eta konponbide berri bat iradoki zuena. Elena Perez Barredo Lan sailburuordeari azaldu zioten, hark enpresari helarazi ziezaion, eta zuzendaritza ñabardura hori onartzeko prest agertu zen atzo. Sindikatuak, halere, zuhurrak dira, iragan astean egoera zuritik beltzera igaro baitzen egun batean. Oraingoan, baina, baldintzak hobeto zehaztuta daudela dirudi.
Baina zer aldatu da iragan astetik hona? Korapilo nagusia lan erregulazioaren hasieran egin ziren borondatezko 22 kaleratzeren tratamendua zen. Sindikatuen ustez, langile horiek egoerak behartuta onartu zuten kaleratzea, enpresak esan zielako beren lanpostuak desagertu egingo zirela. Baina, batzordearen ustez, EAEko Auzitegi Nagusiak erregulazio espedienteko 129 kaleratzeak indargabetu zituenean, 22 kaleratze horiek borondatezko izateari utzi zioten, eta behartuak bihurtu ziren. Eta sindikatu guztiek aho batez esana zuten ez zutela onartuko jarraitzeko prest dagoen langile bakar baten kaleratzerik. Orain kalkulua berriz egin dute, hemendik aurrera borondatezko kaleratzea onartzeko prest dauden langileekin eta 22 horietatik itzultzeko asmoa dutenekin. Datu hori eskuan hartuta, akordioko paragrafo hori aldatuko dute, eta horrek nahikoa beharko luke zazpi hilabeteko grebarekin amaitzeko.
Auzibidearen amaiera
Korapiloa ñabardura bat zen, baina akordioaren bizkarrezurra osatzen duten baldintzak iragan astetik dira ezagunak. Garrantzitsuena da enpresak kendu egingo duela Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako helegitea. EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen zuzendaritzak egin asmo zuen lan erregulazioa, eta berriz onartu behar izan zituen neurriaren barruan sarturiko 129 langileak. Erabakiarekin ados ez zegoenez, enpresak helegitea jarri zion, eta hori marra gorri bat zen sindikatuentzat.
Akordio honekin, 129 langile horiek bermatua dute 2024ra arteko lana, enpresak konpromisoa hartu baitu hiru urtean kaleratze beharturik ez egiteko. Borondatezko kaleratzeak egongo dira bakarrik, enpresa utzi nahi duten langileenak alegia. Kontratu etete horiek kaleratze bidegabe moduan kudeatuko dira, eta kalte ordainaz gain 3.000 euroko ordainsari bat jasoko dute. Era berean, hamasei langilek erretiro aurreratua hartuko dute.
Langileek, bestalde, eta logikoa denez, greba utziko dute. Arrazoizko epeak betetzen badira, litekeena da astelehenean bertan sartzea lantegietan. Hiru urterako lan hitzarmen berria sinatuko dute, eta baldintzak gogortu egingo dira. Besteak beste, KPIaren araberako soldata igoerak izoztu egingo dira, enpresak BGAEan egiten duen ekarpena %4tik %1era igaroko da, eta langileek urtean beste 40 ordu egin beharko dute lan: 1.696 guztira.
Azken baldintza hori deigarria da. Kaleratzeen epaiketan, enpresak esan zuen ez zuela lantalde guztiarentzako lanik; orain, berriz, ordu gehiago sartzeko eskatu die. Negoziaziotik gertuko iturriek uste dute Tubacexek eskariak espero dituela hurrengo asteetan. Gaur-gaurkoz, Araban egiteko moduko enkargu batzuk bideratu ditu Austriako plantara.
