Aburtok eta Garraio Ministerioak Feveren trena Zorrotzan lurperatzeko akordioa…

Proiektuak, guztira, 55,2 milioi euroko inbertsioa ekarriko du. Bilboko alkatearen esanetan, “zor historikoa” da, eta errealitate bilakatzen hasi da.



Bengoa CCOOren hastapenetan aritu zen. 1974an, klandestinitatean, martxan jarri zuen Michelinen Gasteizko lantegiko langile batzordea. Franco hil ostean, berehala hasi zen sindikatuan postu nabarmenduak izaten, eta, besteak beste, parte hartu zuen 1976an Bartzelonan egindako biltzarrean.
CCOOk eman du heriotzaren berri. Sindikatuaren autonomiaren eta barne aniztasunaren alde egindako lana azpimarratu du. Doluminak adierazi dituzte, besteak beste, Unai Sordo Espainiako CCOOren idazkari nagusiak, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak eta Idoia Mendia Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak.
ITP Aero PCBk Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan (Bizkaia) harturiko bide bera jarraitu du Tubacexek. Kasu hartan ere, epaileek erregulazioa indargabetu zuten, baina maiatzaren 4az geroztik langileek debekatua dute lantegietan sartzea. Tubacexen, zuzendaritzak dio enpresaren egoera txarra dela, eta horregatik ezin dituela onartu. Enpresaren egoera ekonomikoa aztertu zuten sei epaileek, baina, aurkakoa uste dute, eta ebazpenean argi utzi zuten ez dagoela horrelakorik egiteko arrazoi ekonomiko edo produktiborik.
Lege zirrikitu horrekin Tubacexek ebazpena betetzat eman du. Baina zer dio zehazki? Lantegi bakoitzak berea du, eta ezberdin idatzita daude. Aceralavakoak (Amurrio) zera dio: «Erabakia indargabetu dugu, kaleraturiko langileak berriz hartzeko obligazioarekin eta tramitazio soldaten ordainketarekin». TTIkoa (Laudio), berriz, zehatzagoa da: «Kaleratze kolektiboa indargabetu dugu, eta salaturiko enpresa zigortu dugu kalteturiko langileak berriz hartzera, kaleratze kolektiboaren aurretik zerbitzuak eskaintzen zituzten baldintza beretan, eta kontratuak eten zirenetik jasotzeke dituzten soldaten ordainketarekin».
Zer egin dezakete orain langileek? Enpresak helegitea jarri du Auzitegi Gorenean, eta hura argitzen den bitartean —hamar hilabete inguru izan daitezke—, erabaki dezakete epaia ez gauzatzea. Alegia, kaleratu asmo zituen langileei lan kargarik ez ematea, betiere soldatapean badaude eta Gizarte Segurantzan izena emanda. Langileek erabakia aurkara dezakete, eta EAEko Auzitegi Nagusiari eskatu zehaztu dezala nola gauzatu behar den ebazpena behin-behinean. Ebazpena eman zuten epaileek erabakiko lukete hori.
Eta greba?
Langileek grebarekin zer egin erabaki behar dute orain. Lanuztearen 154. eguna dute gaur, eta esanikoa betetzen badute, ez dute bertan behera utziko. Langile batzordea —ELAk eta STATek launa kide dituzte, CCOOk hiru eta LABeko eta sindikatu independenteko bana— gaur da biltzekoa. Ondoren mobilizazioa antolatu dute, Laudion (18:30).
Batzordeak bilera eskaera egin zion iragan astean enpresari, eta hartan izan zuten haren asmoen berri. Zuzendaritzarekin harremanak «normalizatzeko asmoz» joan ziren kideak, atzo, baina, erantzuna ikusita, «aukera galdutzat» jo zuten. Atsekabez hartu zuten bilera bukatu aurretik enpresaren erabakia hainbat hedabidetan argitaratuta zegoela ikustea. Sindikatuei dagokienez, ELAk salatu zuen zuzendaritzak «gatazkari eustearen alde» egin duela; LABen iritziko, berriz, ez du ebazpena bere osotasunean bete, Jaurlaritzaren «konplizitatearekin».
Enpresak ere balorazioa egin zuen: «normalizazio mahai» bat egituratzeko asmoa duela esan zuen, eta ziurtzat jo zuen Auzitegi Gorenak arrazoia emango diela eta Tubacexen krisiaren arrazoiak «egiturazkoak» direla berretsiko duela. Era berean, iragarri zuen irailetik aurrera luzatuko duela egun indarrean duen aldi baterako erregulazioa.



«Datuek diote kanpaina ez dela txarra izan», esan du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak, baina erantsi du badirela «esparruak hobetzeko». Zergadunen kexuak bikoiztu egin badira ere, ez du uste errenta kanpaina «kaos bat eta porrot bat» izan denik. Hala ere, onartu du Ogasunak bere eredu berria doitzen jarraituko duela; eredu horrek autolikidazio proposamena orokortu egin du, eta zergadun ia guztiei iritsi zaizkie proposamenak.
Hala, 636.264 errenta aitorpen jaso ditu Ogasunak, iaz baino %9 gehiago (+56.524). Jasotako guztien %70 inguru (453.698) zergadunen aldeko atera dira. Guztira, 407,7 milioi euro itzuli ditu Bizkaiak, eta 379,5 milioi bildu 182.566 aitorpeni esker. Horiek horrela, 29,2 milioi euroko emaitza negatiboa izan du kanpainak. Dirua jaso duten bizkaitarrek 900 euro jaso dute batez beste, eta Ogasunari dirua eman diotenek 2.078 euro ordaindu dizkiote batez beste.
Gipuzkoan, pozik
«2020. urtea pandemiarena izan bazen ere, ekonomia suspertu egin zen bigarren erdian», esan du Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak. Perona pozik da «historiako errenta kanpainarik onenetan bigarrena» izan delako, 5,3 milioi euroko emaitza positiboa izan baitu. «Lan merkatuan eta enpresen salmentetan islatu da susperraldi hori, eta horri esker lortu ditugu emaitza onak kanpaina honetan». Ogasunak 268 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 273,3 bildu. Aurtengo kanpainak okertu egin ditu iazko kanpainaren datuak, baina 2019koa inoizko onena izan zen, 20,2 milioiko emaitza positiboa lortuta. «Ez da 2019ko emaitza lortu, baina bide horretatik jarraitu dugu», esan du Peronak.
Zergadunek 383.650 aitorpen aurkeztu dituzte Gipuzkoan, iaz bezalatsu. 100.000 likidazio baino gehiago Internet bidez bidali dituzte; autolikidazio proposamenak 222.835 izan dira (-3.800), eta aurrez aurrekoak, berriz, 60.800.
Duela hilabete aukeratu zintuzten, eta ez duzu aspertzeko betarik izan aste hauetan.
Ez, hau etengabeko lan bat da. Azken urte eta erdian bost aldiz handitu da ekintza sindikala. Egoera oso berezi batean gaude, gure ustez behin-behinekoa dena, baina etorkizunerako oinarriak finkatzea oso garrantzitsua izango da krisi honetatik nola ateratzen garen ikusteko.
Marko hori azken asteetan negoziatzen ari da, erreforma ezberdinekin. Azkenekotik hastea onena, Espainiako Gobernuak bere proposamena egin du behin-behinean dauden langile publikoak finkatzeko. CCOOk onartu egin du, ELAk eta LABek kritikatu, kalte ordainak hor daude… Zer diozu?
ELAren kritikari ez diot erantzungo. Estatu mailatik datorren guztia ezbaian jartzen dute, eta ez gatoz bat horrekin. Guk balorazio ona egiten dugu; batetik, oinarriak finkatu dituelako, oposizio bitartez lan publikoetara sartzeko bidea mantenduz; eta, era berean, bermatu egiten du urte asko behin-behinean daramaten langileak lehenestea postu horiek betetzeko garaian. Funtzionarioen ordezkapen tasa desagertu egin da. Erakundeek egoera horretan dauden postu guztiak atera behar dituzte lehiaketara 2024 amaitu baino lehen. Hori azaleratzen erraza da, lehiaketa gabe beteta dauden postu estrukturalak detektatzea da. Guk lan hori egina dugu, eta Jaurlaritzak ere bai. Kalte ordainak akuilu bat izan behar dute plaza horiek azaleratzeko.
Pentsioen erreformaren lehen zatia adostu duzue. Pentsiodunen elkarteek, baina, kritikatu egin dute akordioa.
Akordio ona da, garbia, ez dago murrizketak eragingo dituen baldintzarik. Ez da akordio osoa, bigarren fasea falta da, eta beste gai batzuk ukitu nahi ditugu: gutxieneko pentsioa, errelebo kontratua… Arazo bat dago, eta bi modutara konpondu daiteke: 2013ko bidetik, murrizketekin; edo akordio honek dioen bezala, aurrekontua handitzearen bidetik. Akordio honek 2013ko erreforma indargabetu du bi arlo erregresiboetan: KPIa legez bermatzen da, eta, bestetik, jasangarritasun faktorearen baldintzarik gabeko indargabetzea. Ez dezagun ahaztu horiek zirela pentsiodunen elkarteak sortu zirenean zituzten bi aldarrikapenak.
Jasangarritasun faktorea ordezkatuko duen sistema horrek mesfidantza handia sortu du. Zer da ekitate faktorea?
Zehazteke dago. Gobernuak zer esango duen? Ez dakigu. Ez dugu jaso proposamenik. CCOO ez da egongo etorkizuneko pentsioak murriztea dakarren inongo akordiotan. Ez dakit akordioa egongo den; baietz espero dut, baina ez dakit. Negoziazioari epea eman behar zaio, azarora arteko epea dugu.
Lan erreforma ere udazkenean eztabaidatuko da. Epea urte amaiera da, eta gobernuaren asmoen zirriborroa ezaguna da dagoeneko. Zer iruditu zaizu?
Ez da gure proposamena, urrunago iritsi nahi dugu. Lan erreforma indargabetu behar dela uste dugu, baina, horretarako, beste testu bat jarri behar da. Gure helburuak negoziazio kolektiboko erremintak berreskuratzea da: ultraaktibitatea, sektore hitzarmena enpresakoaren gainetik jartzea… Ezin dugu onartu akordio kolektibo bat enpresa eremuan okertzea, ordezkaritza sindikalik ere ez dagoen lantokietan. Horren eredu da Kelly-en, hoteletako garbitzaileen, egoera. Gero behin-behinekotasuna murrizteko neurriak daude: kontratu motak murriztu; kausalizatu kontratu horiek… Behin-behinekotasuna zigortu egin behar da, kotizazioak handituz adibidez.
Maiatzaren Lehenean Espainiako Gobernuari esan zenioten hitza bete behar zuela. Ari al da?
Pandemiaren zati gogorrena pasata, gobernuari esaten genion agenda sozialarekin konplitzea zegokiola. Pixka bat estutzea erabaki genuen. Gure ustez, pentsioen akordioa bide horretan doa. Lan erreforma negoziatzen ari gara, eta gauzak ez doaz gaizki, baina lana dago egiteko. Horrek guztiak urte bukaerarako argituta egon behar du, akordioarekin edo gabe, hori argi utzi behar dugu. Ez dugu patronalaren betoa onartuko. Haiek kontuan izan behar dute aurreko gobernuek hitzartu gabeko erreminta batzuk eman zizkietela.
Erreformarik gabe ez dago Europako funtsik, eta haien onuradun handiak enpresak dira.
Patronala, baina, negoziazioa baldintzatzen saiatuko da. Behin-behineko kontratuen arrazoia arautzeak ez dio graziarik egingo. Guk gobernuari esan diogu: hau ezin da gehiago atzeratu, adostasunik edo gabe, lan erreforma indargabetu behar da. Gero gutxieneko soldataren auzia dago. Batez besteko soldataren %60 izan behar du: 1.040-1.060 euro artean dago. Aurten, 2022an eta 2023an igo behar da.
Udazkenean greba orokorra deitzearen zurrumurrua ez da baretu. LABek maiatzean aipatu zuen aukera hori.
Guretzat greba orokorra baliabide garrantzitsua da, eta ondo erabili behar da. Ezin dugu jo sasigreba orokorretara, prentsan tituluak eman arren, eta jende asko mobilizatuta ere, lantokietan eragin murritza duena. 24 greba antolatu ditzakegu Euskadin, baina, mahai batean ez bagara esertzen, ez du zentzurik. Guk negoziazioari aukera bat eman nahi diogu, espazioak badaude horretarako, Euskadin ere bai. Gero badago mugimendurik nire erakundeak ez du baztertzen mobilizazioa.
Udazkenean greba egitea eskaini al dizuete?
Ez.
Erantzuna entzunda baietz zirudien.
Ez. Euskadiko beste sindikatu batzuengatik diozu?
Bai.
Bada ez. Eta ez dut uste deialdia elkarrekin egiteko deituko gaituztenik. ELAk eta LABek azken urteetan ez dute egin. Euskadin sakoneko arazo sindikal bat dugu. Lau sindikatu handiak ez gara esertzen interes komuneko gauzen inguruan hitz egitera. Iragan asteazkenean bi pankarta zeuden Durangoko lan istripuaren salaketan. Istripua salatu dugu, arrazoien analisian bat gatoz, ezbeharrak konpontzeko moduetan bat gatoz… Zergatik goaz bi pankartekin?
Zergatik?
Bada bi sindikatu daudelako eredu horrekin hautsi nahi ez dutenak. Gai hau jorratzeko eskaintza egina diegu, lau aldiz uste dut, istripu baten aurrean elkarrekin erantzuteko. Bat eginda indar irudi handiagoa ematen dugu, eta gero bakoitzak bere berezitasunak izango ditu. Azken urteetan lortu ditugun gauzak batasun espazioetan lortu ditugu.
Bizkaiko metaleko borroka salbuespena izan al zen?
CCOOk batasun sindikal espazio guztiak landuko ditu. Langileentzat ona dela uste dugulako. Helburua lan hitzarmenak dira, istripuak amaitzea… Gero aldarrikatu daiteke lan harremanen euskal markoa, estatuarekin harremanik ez duena, eredu federal batean oinarrituko eredua… Asmo horiek sindikatu bakoitzaren irizpideen araberakoak dira. Baina langileen eskaera zehatzak hor daude, nik aldatu nahi dudana, eta baita LABek eta ELAk ere, baina ziur asko ez gure modu berean. Testuinguru horretan, ba al dugu espaziorik aldarrikapen komunak egiteko? Ni baiezkoan nago. Horretarako borondatea behar da, eta azken urteetan aurkakoa sumatu dugu, prozesu batzuk espresuki sortu direla sindikatu batzuk kanpoan uzteko.
Kritiko mintzo zara. Harremana ez dago bere onenean.
Oinarrian ez dago harremanik, konfederazio mailan behintzat ez. LABekin komunikazio hobea dugu, ELArekin ia ez da existitzen, edo zuzenean ez da existitzen. Badakigu ELAk ez duela gizarte mugimendu batzuen mobilizazioetan parte hartu CCOO ere mobilizazio horretan zegoelako. Ez naiz ezer asmatzen ari. Euskadin negoziazio kolektibo sektorialaren blokeoa bizi genuen lan erreformen aurretik. Hemen sektore mailako hitzarmen batzuk egon dira, Bizkaiko metalekoa adibidez, ELAk sinatu ez zuena. Sindikatu batzuen eredua enpresa mailako akordiora joatea da eta sektore mailakoa alboratzea.
Enpresa mailan, aldiz, badirudi harremana hobea dela: PCBn, Tubacexen…
PCBn guk dugu ordezkaritza handiena. Ados nago diozunarekin. Batasunak indartsuago egiten gaitu. Hor zailagoa da esatea «ez naiz zurekin eseriko». Ez dira espazio errazak, dena den.
PCBn eta Aernnovan sindikatu moduan ez zenuten kaleratzeen akordioa sinatu; ITP Zamudion eta Alestisen, berriz, bai.
Ez da kaleratzeen akordioa, lan erregulazioena baizik. PCBn ez zegoen krisi egoerarik, krisia behin-behinekoa da. Beste lanabes batzuk erabil zitezkeen, eta enpresak ez du izan negoziatzeko asmorik. ITP Zamudio, aldiz, talde handi batean sartuta dago, Espainian beste planta batzuk dituena. Erregulazioak guztiei eragiten zien, eta negoziazioa bateratua zen. ELA ere eseri zen, baina zer gertatu da? ELAk espazio horiek ukatu egiten ditu, eta enpresari eskatu dio Zamudioko plantan negoziatzea bakarrik, eta beste espazioak ez zaizkio axola. Enpresak ezetz esan du. Zein da kontua? ELAk gehiengoa duela Zamudion, baina ez planta guztiak kontuan hartuz gero. Guk akordio bat negoziatu dugu, gure ustez mesedegarria dena. Ez da kaleratzerik egon, aldi baterako kontratuen ez berritzeak baizik, eta gero beste neurri batzuk daude, lan poltsa esaterako.
Ertzaintza langileekin izaten ari den jarrera salatu duzue.?
Nik Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari deitu nion. Oso arriskutsua da egiten ari direna, lan gatazkak ordena publikoko gatazka bihurtu nahi dituzte, eta hori salatuko dugu. Lan sindikala kriminalizatzen saiatzen ari dira, eta Ertzaintzaren agresibitate maila izugarria izaten ari da lan gatazketan. Erantzuleak egon behar dira. Batetik, gauza hauek egiten dituzten pertsonak, eta bestetik,, erantzule politikoak.
Nola dago Euskadiko CCOO egun? 2019an hirugarren sindikatua zineten afiliatu eta ordezkari kopuruan, %18arekin.
Nik ondo ikusten dut. Afiliazioa handitu dugu azken lau urteetan. Sindikatua egoera hobean kokatzeko aldaketa batzuk egin behar ditugu, ordezkaritza sindikalean ere gora egiteko. Zertan oinarritzen da aldaketa? Gure jendea langileengandik gertu kokatzea. Ezin gara egon jendea etortzeko zain; lantoki gehiagotara iritsi behar dugu. Ordezkaritza genuen ia toki guztietan hazi egin gara, eta orain ordezkaririk ez dugun tokietara iritsi behar dugu. Delegatuei lagundu behar diegu, haien atzean egon. Azken hiru hilabetekoan LABekiko genuen aldea murriztu dugu.
Irungo udaltzainen ebazpenak berriro ekarri ditu mahai gainera euskara eskakizunak. Zer iritzi duzu haren inguruan?
Hausnarketa egin eta lan bat argitaratu dugu: Klase arrakalarik gabeko herri aleanitz baten alde. Sumatu dugu euskara klase arrakala bat eratzen ari dela ia arlo guztietan. Eta uste dugu hizkuntzak bateratzailea izan behar duela, eta euskararen erabilera sustatu behar dela, baina oso kritikoak gara hizkuntz eskakizunei buruzko dekretuarekin eta haren erabilerarekin, arrakala hori haustea eragozten ari delako. Hizkuntz eskakizunak tokian tokiko errealitate soziolinguistikoaren araberakoak izan behar dira; eta gainera, iruditzen zaigu beste eskakizun mekanismo batzuekin ere lan egin behar dela administrazioan, ez hain akademikoak, baizik eta komunikazio gaitasuna dutenentzat, baina agian ezin dutenak azterketa gainditu. Arazo hau desagertu egingo delako belaunaldi pare batean, gazteak maila onarekin aterako dira eskolatik, baina beste adin batzuetan arazoak izaten ari dira orain. Ildo horretan, gure ustez, Irungo epaia ez dago eskakizunen kontra, baina esaten du eskakizunak ez direla egoki ezarri; izan ere, udalak eskakizuna ezarri die araudiak uzten zion postu kopuru handienari, kontuan hartu gabe ez dela beharrezkoa postu guztietan eskakizuna jartzea, eta horrek eragin du jende jakin bat enplegu publikotik kanpo geratzea.