Ezkerraldearen bozgorailua
Deitzaileak, baina, askoz gehiago dira: sindikatuak, pentsiodunen elkarteak, talde ekologistak, auzo elkarteak, gizarte laguntzako elkarteak… Azken multzo horretakoa da Berri Otxoak, gizarte bazterketaren aurkako Barakaldoko plataforma, eta hango kidea Sheila Fernandez. Martxa urtez urte beharrezkoagoa dela uste du: «Guk gizarte laguntzak eskatzen laguntzen dugu, eta lanez lepo gaude. Aste honetan, nire kideak 70 telefono dei jasoak zituen astearterako, eta hamalau posta elektroniko mezu. Jende asko ari da gaizki pasatzen».
%16ko langabezia tasa
Fernandezek nabarmendu du pandemiak are gehiago okertu duela eskualdearen egoera. Gaur-gaurkoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pobrezia kasuen %25 Ezkerraldean daude, eta biztanleen %11 baino ez dira. Ezkerraldeko biztanleen %5,2 pobrezia errealean bizi dira, %8,6k mantenu pobrezia dute, eta %13,6k hutsuneak dituzte ongizatean. Euskal Herriko tasarik handienak dira horiek, Erriberakoekin batera, eta handia da langabezia tasa ere: %16. Guztira 15.168 pertsona daude langabezian, iaz baino 2.406 gehiago, eta beste 5.000 inguru aldi baterako erregulazioetan. Langabe horien %67k ez dute inolako langabezia saririk. Guztira, 10.442 pertsona daude egoera horretan.
Arazoa, dena den, langabeziaz harago doa, eta Fernandezek egunero ikusten du beren egoitzan. «Lanean dagoen jende pila batek jotzen du gurera. Ezkerraldean behintzat, lanean egoteak ez du bermatzen pobrezian ez bizitzeak. Asko dira soldataz gain DBSE diru sarrerak bermatzeko errenta behar dutenak». Martxaren deitzaileek aurkezpenean salatu zutenez, kalitate gutxiko enpleguen zabalkundearengatik da hori. «Zerbitzuen sektorean ohikoak dira horrelako baldintzak»
Lehen, industria nagusi zen Ezkerraldean; egun, baina, merkataritza guneak eta biltegiak altxatu dituzte. PCBk Sestao eta Barakaldon ditu bere fundizioak, eta bertako langile batzordeek maiz salatu dute eskualdeko egoera. Gaur egun, langile gehien duen Ezkerraldeko enpresa nagusia Ikea da, eta lanpostu gehien batzen duen egitura, berriz, Megapark merkataritza gunea.

