ELAk eskua luzatu die EH Bilduri eta Podemosi zerga…
PFEZaren eta sozietate zein ondare zergen inguruko «premiazko» aldaketa batzuk iradoki dizkie alderdiei, «aurki etorriko diren murrizketei aurrea hartzeko». ELAk bere ikerketa taldeak bildutako hainbat daturekin hornitu du bere eskaera. Esaterako, Hego Euskal Herrian zerga bidez biltzen diren 100 eurotik zazpi bakarrik iristen dira sozietate zergatik. Enpresen irabaziei ezartzen zaien zerga bat da, eta, sindikatuaren arabera, ez da aldatu azken hamar urteetan. Era berean, azaldu du Bizkaian «sozietate zerga erreala» %8,2 dela —beste probintzietan ez dute ematen horrelako azterketa bat egiteko moduko daturik—. Tasa nominala %24 da, eta Bizkaiko Ogasunak onartzen duen tasa erreala, %20,5, baina ELAk dio enpresek ordaintzen duten batezbestekoa askoz txikiagoa dela, kenkari ugariengatik.
Lakuntzak azaldu du EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen atea jo badu «gertutasun ideologiko» bategatik dela, eta beste alderdiak urrun ikusten dituelako. Sindikatuak azken hilabeteetan estu hartu ditu Euskal Herriko ezkerreko alderdiak, baina eskaera honetan tonua leundu duela dirudi. Haiekin aurki biltzea espero du, uste baitu erreformaren eskaerako lehen pausoa uda aurretik eman beharko litzatekeela.
Lakuntzak, halaber, azaldu du ez direla uharte bat, munduan gero eta gehiago direlako enpresen irabaziei zergak igotzearen aldeko ahotsak. «Nik Europako batez besteko fiskalitatea nahi dut, hemengoa baino hamar puntu handiagoa dena. Hala balitz, 5.976 milioi euro gehiago bilduko genituzke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2.005 Nafarroan». EBren presio fiskala %40,1ekoa da batez beste; EAEn, berriz, %32,1ekoa, eta Nafarroan, %31ekoa.
Eskaera bultzatzeko asmoz, mobilizazio kanpaina bat antolatu du Zerga sistema iraultzeko unea da lelopean. Lau elkarretaratze iragarri ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan: ekainaren 3rako, Bilbon; ekainaren 4rako, Iruñean; ekainaren 15erako, Gasteizen; eta ekainaren 17rako, Donostian.



