Rolls Roycek baztertu egin du ITPAero filiala Aernnovari saltzeko…

Rolls Roycek baztertu egin du ITPAero filiala Aernnovari saltzeko aukera. Hala ere, Arantxa Tapiak esan duenez, Jaurlaritzaren “lana ez da amaitu”.


Tubacexeko erregulazioa bi egunetan epaituko da, planta bakoitzak bere saioa izango duelako. Halere, bietan ebazpen bera espero da. Atzokoan Garbiñe Biurrunek, Jose Luis Asenjok eta Jose Felix Lajo txostengileak osatu zuten epaile hirukotea, eta hiru ebazpen posible eman ditzakete: kaleratzeak legezkotzat ematea, bidegabetzat jotzea edota erregulazioa indargabetzea. Lan arloko Salak azken hori ebatzi zuen ITP-PCBren kasuan, koronabirusak eragindako arrazoiengatik kaleratzeak egitea legez kanpokoa dela dioen arauaren babesean. Irizpide horren itzalak atzoko epaiketa estali zuen. Hori bai, kontuan hartu behar da ITP aeronautika enpresa bat dela, eta hodigintzak petrolio eta gasarekin harremana duela.
Langile batzordeko abokatuek (ELA, LAB, CCOO eta STAT) eta enpresarenek (Quatrecasas bulegoa), logikoa denez, aurkako jarrerak defendatu zituzten. Alberto Abasolo ELAko abokatuak hartu zuen batzordearen defentsaren zamarik handiena, eta azaldu zuen COVID-19a dela krisiaren arrazoi nagusia. Nabarmendu zuen Tubacexek aldi baterako bi erregulazio espediente onartu zituela iaz, eta bietan espresuki aipatzen zutela pandemiarengatik zirela.
Tubacexek otsailaren 8an onartu zuen lan erregulazioa, iazko bigarren aldi baterakoa amaitu eta hurrengo egunean, eta abokatuak galdetu zuen nola zitekeen egun bakar batean arrazoiak aldatu izana. Langileen ordezkariek 2018ko lan hitzarmeneko baldintzak ere jarri zituzten mahai gainean. Orduko hartan ez zen atzeraldirik aurreikusten luze gabe, eta, ondorioz, orain krisia egon bada, salbuespena da; alegia, COVID-19arengatik. Edo, beste modu batera esanda, behin-behinekoa.
Enpresako abokatuak aurkakoa argudiatu zuen. Hori bai, bere hitzartzearen lehen ordubetean erregulazioaren negoziazio prozedura izan zuen hizpide. Besteak beste, esan zuen ez zela fede txarrik egon, ez zela greba eskubidea urratu, agiririk ez zela falta, txosten objektiboak zirela… Epaileek hainbatetan egin zioten errieta, eta luzamendutan ibiltzea egotzi zioten. Eztabaida beroa izan zen, eta hizketa denbora mugatu zioten.
Tubacexen abokatuak onartu zuen COVID-19ak enpresaren krisia «bizkortu» duela, baina ez dela arrazoi nagusia. Petrolio eta gasaren krisia aurretik zetorrela esan zuen, industriaren deskarbonizazio prozesuan duela oinarria, eta, ondorioz, «egiturazkoa» dela. COVID-19aren eraginez kaleratzeak egitea debekatzen duen legea ezin dela aplikatu esatera iritsi zen. Zenbakiak mahai gainean jarrita: enpresak 2.7 milioi euroko galera izan zuen 2017an; 5,7 milioiko irabazia 2018an (Irango kontratu bati esker), eta 2020aren amaieran 29 milioi euroko galera pilatu zuen. Hurrengo lau urterako aurreikuspenak txarrak direla esan zuen: 21 milioiko galerak 2021ean, 13,4koak 2022an… 132 kaleratzeak eginez gero, berriz, lau urtean enpresak 28 milioi euro aurreztuko lituzkeela esan zuen.
Petrolioaren prezioa
Lau ordu luzeko epaiketa izan zen, eta sei lekukok hartu zuten hitza, besteak beste, alde bakoitzeko peritu ekonomikoek. Hainbat argudio ezberdin plazaratu zituzten, eta hauek izan ziren eztabaida interesgarrienetako bi: petrolioaren prezioaren igoera handiak mesede egiten al die sektoreko inbertsioei? Eta ea Tubacex prest dagoen hidrogenoa bezalako produktuetara jauzi egiteko, eta beharrezko inbertsioak egin dituen ala ez.



1 Zorionekoak. Gaueko zeruan ISS ikusi eta berehala dator gogoeta; gizaki batzuk daudela han goian, orbita batetik, hona begira. Ez dira bakarrak. Ostegunaz geroztik, hiru hilabetez, hiru astronauta txinatar daude, lurrazaletik 390 kilometrora orbitatzen, Txinak eraiki duen Tianhe espazio estazio propioan.
2 Txinatarrak, dedio, horretan ere! Lehen eta orain, espazioa jokaleku izan da herrialde boteretsuenen arteko partidan. Eta Txinak… bere indarra erakutsi nahi du, baita Lurretik gaueko zerua begiratzen dutenei ere.
3 Espaziora boterea erakusteko. Beharbada horregatik doa Jeff Bezos ere, negozio aukera baztertu gabe.
4 Amazonen jabea? Txinaren espazio estaziora? Ez, ez… Bezosena beste bidaia bat da. Badira urte batzuk Blue Origin enpresa sortu zuela, espaziorako bidaia pribatuak antolatzeko. New Shepard suziria probatzen bost urte daramatzate, eta lehen bidaia tripulazioduna datorren uztailaren 20an egingo dute. Espaziora iristean suziritik bereiziko den kapsula batean joango dira Bezos, haren anaia Mark eta beste norbait, zeinak enkante batean 23 milioi euro ordaindu dituen txartelarengatik.
5 Gure Bezos. Hori ere behar. Hala dirudi. Baina ez da horretan dabilen aberats bakarra. Gogoratzen nola Elon Muskek bidali zuen Tesla bat espaziora? Space X jada NASArentzat ari da lanean, baina haren jabe Musk ez da oraindik espaziora joan. Bezosek dio bere txikitako ametsa bete nahi duela, astronautek sentitu duten hori sentitu. Lurra osotasun moduan ikusi. Hiru minutu izango ditu horretako, tarte hori egingo du orbitatzen haren kapsulak.
6 Agian pentsatu behar da utzi behar zaion… Ez du Bezosek mundua menperatu nahi duten komikietako gaizto horien tankera? Agian horregatik zabaldu du norbaitek eskaera Change.org webgunean, Bezosi Lurrera itzultzen ez uztea galdegiteko. Milaka sinadura bildu dira…
7 Nora joango da, bada? Utzi beharko itzultzen. Itzuliko balitz, beste eskaera bat zain dauka Change.org-en, Bezosek Mona Lisa erosi eta jan dezala. Forbes aldizkariak egin ditu kontuak: Mona Lisa-k 50.000 milioi bat dolar balioko lukeela kalkulatu berri du enpresaburu frantses batek, proposatu duenean Frantziako Estatuak Da Vinciren artelana saltzea bere zorra murrizteko. Zenbateko hori ahoberokeria galanta dela erantzun diote arte industriatik. Dena dela, Amazonen jabeak ez luke arazorik hori pagatzeko, 163.000 milioi euroko ondarea baitu. Eta, pentsatzen jarrita, Mona Lisa jateak, horrek seguru aldatzen duela munduari buruzko perspektiba.
Ia hiru urte pasatu dira, eta gauza batzuk aldatu egin dira; horietako garrantzitsuena da Trumpek are denbora gehiago duela orain golf zelaietan igarotzeko, baina beste batzuk ez dira aldatu. Europako altzairuak eta aluminioak artean muga zerga gehigarriak pagatu behar dituzte AEBetan sartzeko, eta Washingtonen haize protekzionista dabil, lehen baino ufada txikiagoekin bada ere. Baina bada aldatu ez den faktore bat, garrantzitsuena ziur aski: Txinarekin daude kezkatuta AEBak, eta ez Europarekin.
Bidenek helburu garbi batekin ekin zion Bruselarako bidaiari: aliatu bila dabil, «Txinako Gobernuaren gehiegikeria ekonomikoei eta mehatxuei aurre egiteko». Beste guztia bigarren mailan zegoen, eta horregatik prest zegoen EBrekin izan duen eztabaida komertzialik luzeena lurperatzeko, duela zazpi urte hasi baitziren mokoka Boeingi eta Airbusi batek zein besteak emandako laguntza publikoei buruz. Auzi horrek eragindako muga zergak —ardoari, olioari, makinei…— ezabatu egingo dira, behin betiko konponbide bat aurkitu bitartean.
Oztopo hori kenduta, galdera bat dago orain mahai gainean: zer jarrera hartuko du orain EBk Txinarekin? Edo beste modu batera esanda: erosiko al du Europak AEBen kontakizuna Txinari buruz? Kontra egin behar zaion aurkaritzat joko al du, Washingtonek nahi duen moduan, ala haren bekatutxoak barkatuko dizkio, ondasunen fluxua ez trabatzeko?
Hasi da hortzak erakusten
Orain arte, AEBen eta Txinaren arteko lehia hegemonikoan harmailetan jartzeko tentazioa izan du EBk. Azken finean, ez da bere borroka, eta asko du galtzeko barrikada batean edo bestean jarrita: AEBak eta Txina dira bere bi bazkide komertzial nagusiak, eta hori oso faktore garrantzitsua da esportazioek EBren ekonomian duten pisua ikusita. Esanguratsua da Alemania izatea epelena Pekinekin.
Baina Berlinen ere ez dira inozoak. Badakite ezin direla beti ulerkor agertu Pekinekin, haien kalte ere badelako. Txinak bere araudi propioekin jokatzen du merkataritzaren partida —mugarik gabe laguntzen ditu bere enpresak, ez du zigortzen lapurreta industriala…—, eta Europaren interes propioa da horiei guztiei muga bat jartzea. Faktore politiko hutsak ere batu dira saltsara, hala nola uigurren eta tibetarren bazterketa, Hong Kongeko errepresioa, Hego Txinako itsasoaren militarizazioa…
Berez, EB jada hasi da Txinari hortzak erakusten. Bat egin zuen uigurren aurkako errepresioa salatzeko AEBek, Kanadak eta Erresuma Batuak Txinako buruzagi batzuen aurka jarritako zigorrekin; Pekinek erantzun zuenean, Europako Legebiltzarrak izoztu egin zuen Batzordeak eta Txinak abenduan sinatutako inbertsio akordioaren berrestea.
Azken asteetan ere, Europako Batzordeak arau berriak proposatu ditu Batasuneko konpainiak atzerriko enpresa publikoen esku geratzea zailtzeko; «atzerriko» jarri zuten, «Txina» jartzea agian itsusiegia zelako. Eta, azkenik, EBk bat egin du AEBek «munduko demokrazia nagusien» babesarekin abian jarri nahi duen egitasmo batekin: B3W Berreraiki dezagun mundu hobe bat. Txinaren Zetaren Bide Berriaren bidea itxi nahi duen proiektua, alegia.
Trump joan zen, koloretako txartelak ere bai, eta borroka hegemonikoak aro berri bat hasi du.