Tubacexek neurriak hartzen jarraituko du bideragarritasuna bermatzeko

Tubacexek neurriak hartzen jarraituko du bideragarritasuna bermatzeko. 18 milioi euroko galerak izan dira aurten Amurrio eta Aceralavaneko lantegietan.
Zerga bilketa %8,3 jaitsi da Nafarroan
Atal bakoitzaren bilakaerari dagokionez, gehiago nabaritu da jardun ekonomikoarekin loturiko zergetan kontsumoari loturikoetan baino. Hala, zuzeneko zergetan % 2,5ekoa izan da jaitsiera eta zeharkakoetan, aldiz, % 15,2koa. Tasetan eta bestelako diru sarreretan ere handia izan da murrizketa: %18,6koa.
Bilketaren atal nagusia, errenta zergarena, oro har, iazko kopuruetan mantendu da: %0,4 baino ez da jaitsi. Sozietateen gaineko zerga, berriz, beste behin egin du behera, azken urteetan bezala: %10,8. Gauza, bera gertatu da zerga berezietan: hidrokarburoena % 17,6 murriztu da eta tabakoarenak % 8,6 egin du behera
Jabe handien lokalen alokairua merkatu egingo du Espainiak
Espainiako Gobernuak jabe handien figura juridikoa definitu du. Azaldu bezala, hamar lokal edo gehiago dituzten pertsona edo enpresak dira. Askotan etxebizitza agentzia edo funtsak izaten dira, hiri eta merkatalgune handietan batez ere. Lege honekin, Espainiako Gobernuak arnasa eman nahi die maizterrei, eta, aldi berean, alokairuaren zenbatekoa negoziatu izan nahi ez duten jabeak zigortuko ditu. Izan ere, aurretik bi aldeen arteko akordioren bat egon bada, alokairuaren zenbatekoa jaitsi edo aldi baterako bertan behera uzteko, maizterrak ezingo du baliatu murrizketa eskubidea.
Maizterrek 2021eko urtarrilaren 31ra arte eskatu ahalko dute beherapena. Onartuko baliete, murrizketa hori alarma egoerak izan ditzakeen balizko luzapen guztietatik haratago zabalduko da; behin bukatuta, beste lau hilabetez mantendu ahalko duelako errenta baxuagoa. Hori ez da izango gaur onartuko duten neurri bakarra, lege berriak ere kontuan izango baititu hamar lokal baino gutxiago dituzten jabeak. Kasu horretan, abantaila fiskalak jasoko dituzte alokairuen prezioa jaistea onartzen badute.
Hego Euskal Herrian ere sartuko da indarrean beherapen eskubide hau. Baina Javier Hurtado Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuaren iritziz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez du eragin handirik izango: «Gurean jabe handi gutxi ditugulako. Gehienek lokal gutxi dituzte». Beherapen horiek uztartu ahal izango dira aldi baterako erregulazioetarako baldintzen malgutzeekin, edota udal, probintzia edo erkidego mailako beste laguntzekin. Horren harira, Hurtadok azaldu du sailak dagoeneko tramitatu dituela Jaurlaritzak abendu hasieran ostalaritzarentzako onarturiko laguntzen eskaeren %20.
Azaroan, eta pandemian bigarrenez, Jaurlaritzak ixtera behartu zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako taberna eta jatetxeak. Kalteak leuntzeko asmoz, 30 milioi euroko funts bat onartu zuen, eta 9.800 laguntza eskaera jaso zituen. Dagoeneko 2.000 inguru aztertu dituzte, eta negozioek egun gutxitan jasoko dute laguntza proposamena. Onartzen badute, «berehala» jasoko dute 7.000 eurora arteko diru laguntza. Zenbatekoa langile kopuruaren araberakoa da. Hurtadok gogoratu du sailaren «konpromisoa» laguntza guztiak abenduaren 31 baino lehenago ematea dela, eta tramitatzeke dauden eskaerei «bizkor» erantzutea espero du.
Auto manifestazioa
Ostalariak haserre daude, eta euren ezinegona kaleetara gehien zabaltzen ari den sektoreetako bat da. Hurtadok esan du ez duela «presio» berririk sumatzen horregatik, eta erakundeen obligazioa dela krisiaren eragina ahalik eta gehien murriztea. Alde horretatik, Gipuzkoako ostalariak izan ziren atzo kalera irten zirenak. Kalera bainoago, errepideetara, auto manifestazio ikusgarri bat egin baitzuten N-1 errepidean. Goizeko 08:00etan hainbat kilometro egin zituzten, astiro eta auto ilara luzeak sortzen. Nabarmenenak Beasain eta Lasarte arteko tartean egon ziren.
Madrilen ere egin zuten protesta ostalariek. Zazpi ostalarik Pontevedratik (Galizia) Madrilerainoko bidea oinez egin zuten sektorearentzako «erreskate plan» baten eskean. Galiziako ostalariek sustaturiko protesta izan arren, Euskal Herritik joaniko hainbat gehitu zitzaizkien azken kilometroetan. Euskal ordezkarietako gehienak Ermutik (Bizkaia) abiatu ziren.
Eup! Bizkaiko merkataritzarako plataforma digital berria sortu dute

Eup! Bizkaiko merkataritzarako plataforma digital berria sortu dute. Tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko plataforma udaberrian egongo da eskuragarri.
Eusko Jaurlaritzak 500 milioi euroko abal-linea berria jarriko du…

Eusko Jaurlaritzak 2021eko aurrekontuak azaldu ditu Eusko Legebiltzarrean. Ekonomia Sailak 500 milioi euroko abal-linea berria jarriko du abian enpresentzat.
Aernnovako langileek greba eguna dute gaur, kaleratzeen aurka

Abenduaren 21ean, 22an eta 23an greba egingo dute Aernnovaren Berantevillako plantako langileek, enpresak egin nahi dituen 82 kaleratzeak salatzeko.
Iritsi ote da bedeinkapena bitcoinarentzat?
1 Gobernuak eta banku zentralak nola dabiltzan ikusita, eta batez ere prezioak igotzen badira, ez dirudi toki txarra inbertitzeko, ezta? Diru tradizionalen balioa txikitu dezakeen inflazioaren mamua beti dago hor azkenaldian. Mamua esan beharko, inflazioa bera oraingoz ez delako ageri. Baina bai, diruaren txorrotak zabal-zabalik daudelako inflazioa etor litekeela pentsatuz gero, bitcoina aukera bat izan daiteke. Batez ere diru horren zati handi bat galtzeko moduan dagoenarentzat.
2 Asmoa ez da galtzea izango, irabaztea baizik. Irabazteko asmoz beteta dago iruzur piramidalen historia. Bitcoina, ordea, arriskutsua da; besterik ez bada ere, oso aldakorra delako. Goian egoten badaki, baina behean ere bai. Kriptodibisa 2017ko abenduan erosi zutenek ezer gutxi irabazi dute oraingoz. Eta, tartean, batzu-batzuek dirutzak galdu dituzte.
3 Baina momentuan asmatuta, agian… Ideia horrekin bat egiten dute askok. Bada esaten duenik bitcoina 400.000 dolarretara iritsiko dela, hurrengo urrea izango dela. Egia da ere kriptodibisek urteetan bizirik iraun ahala haien gaineko kritikak leunduz doazela. Koronabirusak bizkortutako digitalizaziorako joerak ere mesede egingo zien. Baita banku zentralak diru digitalekin esperimentuetan hasteak ere.
4 400.000 dolar, fiu…! Bitcoinak, funtsean, balio du jendea harengatik ordaintzeko prest dagoena. Ez dauka gordailurik atzean, ez dauka inongo herrialderen babesik, ezta berezko baliorik ere. Urrearekin, besterik ez bada ere, bitxiak egin daitezke. Gainera, herritar xeheek nola eros ditzakete bitcoinak? Ziur daude bitartekariak egiaz bitcoinak erosi dizkiela?
5 Zenbat erreparo! Kriptodibisak banku zentralen kontrolaz askatzeko modu gisa defenditzen dutenek ere aitortzen dute gaizkileentzako eta legez kanpoko irabazientzako babesleku izan direla kriptodiruak.
6 Orduan, ez du merezi hor inbertitzea? Hori 20.000 euro dauzkanaren kezka izango da.
7 Azken hilabeteetan beti etxean sartuta edo paseatzen, itsulapikoa beteko zen… Baina, baina, baina… Zenbat gastatzen duzu zuk tabernetan, bada? Bide batez, BERRIAlagunak zer diren kontatu behar dizut…
Aholkularitzez eta heldutasunaz
Beharbada, badaude beste arrazoi batzuk horrelako lan bat administraziotik kanpora enkargatzeko: aholkularitza enpresa handiek halako ezohiko prozedurei buruz izan dezaketen jakintza eta esperientzia, esaterako. Horregatik deitzen dira aholkularitza enpresa, ezta? Edo, gerta al daiteke aholkularitza enpresek informazio zuzenagoa izatea proiektuek bete behar dituzten baldintzei buruz Eusko Jaurlaritza batek baino? Eta eragin ahalmen handiagoa?
Lakuakoa ez da Europako funtsei begira aholkularitza enpresa handi bat kontratatu duen administrazio bakarra, eta abagune honetan haien bezero dira CEOE eta enpresaburuen beste elkarte batzuk ere. Europako Next Generation funtsak negozio garrantzitsu bilakatu dira aholkularitza enpresentzat, eta, horretaz jabetzeko, ikusi besterik ez dago PwCren eta Deloitteren webguneak, zeintzuetan «laguntza» eskaintzen dieten enpresei eta erakunde publikoei Europako funtsak «aprobetxatzeko».
Milioika euro mugituko dituen prozedurako beste instantzietan ere badaude lau aholkularitza enpresa handiak (PwC, Deloitte, KPMG eta E&Y): Madrilen, adibidez. Bruselara bidaltzeko proiektuen zerrenda osatzen dabil Pedro Sanchezen gobernua, eta irailean eskatu zien laguntza aholkularitza enpresa handiei, sektore pribatuko funtsetarako hautagaiak bideratzeko. Pro bono ari omen dira lanean Moncloarentzat; kontratazio formalik gabe, dirurik kobratu gabe, interes publikoaren izenean, eta hori bai, lehen eskuko informazioa lortzen Espainiako Gobernuaren asmoei, irizpideei eta baldintzei buruz.
Dena den, normalean aholkularitza enpresek kobratu egiten dute, eta ez gutxi. Brexit-a kudeatzeko kontsultorek kobratzen zuten dirutzaz zen kexu Theodore Agnew, Erresuma Batuko Altxorreko ministroa, duela hilabete batzuk prentsara filtratutako gutun batean, zeinetan salatzen zuen zenbateraino dagoen Whitehall (administrazioa) «infantilizatua» aholkularitza enpresa garestiekiko menpekotasun «onartezinarengatik».
Lord Agnewren hitz horiek ekarri zituen gogora orain gutxi Mariana Mazzucato ekonomistak Owen Jones idazlearekin solasean, Youtuben. Mazzucatok zalantzan jartzen zuen austeritate hitza, gobernuen gastu jakin batzuk murriztu beharrean handitu egin direlako, adibidez, aholkularitza konpainiak azpikontratatzen. Eta, horren ondorioz, gobernuak gelditu dira infantilizatuak eta ahulak.
Ez da lehen aldia Mazzucatok «gobernu txikien» ahultasunaz hitz egiten duela, era azaltzen duela, nola koronabirusak agerian utzi duen ahulezia hori herrialde gehienetan. Zilegi da pentsatzea heldutasun falta horren adierazgarri izan daitekeela aholkularitza enpresen omnipresentzia ere.
Paradigma aldaketa bidean
Koronabirusaren txertoaren gisako helburuetan (misioetan) lan egingo duten sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana defenditzen du Mazzucatok, non sektore publiko indartsu eta anbiziotsuarena izango den lidergoa. Ekonomista italiarraren izena eta ideiak, hain zuzen, asteazkeneko eztabaidan aipatu zituen Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak, azpimarratzeko ideia horiek direla, besteak beste, Europako funtsen oinarrian daudenak. Paradigma aldaketa datorrela ohartarazi zuen Oterok, «larrialdi sozial eta klimatikoak ez duelako beste aukerarik uzten, politika ekonomikoetan eta gobernantza ereduetan aldaketa sakonak egitea besterik».
Gobernantza modu berrien inguruko gogoetak gero eta jarraitzaile gehiago ditu, eta, hain zuzen, ildo horretan ariketa egitekoa da Unai Rementeriaren Bizkaiko Aldundia; norekin eta Mazzucatoren IIPP institutuarekin. Maiatzerako onetsita behar lukeen egokitzapenarekin, garapen jasangarriarekin lerrokatutako enpresek zerga kenkariak izango dituzte. Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarriko Helburuekin bateratutako munduko lehen zerga sistema izan nahi du Bizkaiko Aldundiak.
Gero eta argiago dago oraingoan, krisiaren ondorioz, zerga politiketan aldaketa datorrela, gastu publikoa handituko dela. Balioko ote du horrek gobernuek euren egituren heldutasunean inbertitzeko? Ala aholkularitza enpresek erantzungo diote galdera horri ere?