Akordiorik gabeko ‘brexit’ baterako prestatzen hasi da EB
Egoera horretarako prestatzen hasi da Europako Batasuna, eta larrialdi plan bat aurkeztu du Bruselak, urtarrilaren 1ean bi blokeen arteko harremanak eta garraioak ez daitezen erabat eten.
Hitz bitan, Europako Batzordeak proposatu du sei hilabetez luzatzea aire eta lur garraiorako baimenak, Erresuma Batuko hegazkinak, autobusak eta kamioiak EBren lurraldean sartzeko baimena izan dezaten. Proposamen horrek soilik balioko luke Erresuma Batuak erabaki bera hartuko balu EBko garraiobideekin.
Hegazkinei dagokionez, segurtasun baimenak eman nahi dizkie konpainia britainiarrei, kontinentearen eta uharteen arteko zerbitzuekin jarrai dezaten. Hori bai, baimenik ez lukete izango EB barruko hegaldiak egiteko. Euskal Herrian dabiltzan aire konpainien artean, IAG taldea (British Airways, Iberia, Vueling, Aer Lingus…) eta Easyjet lirateke kaltetuenak. AIG bere kapitalean aldaketak nahi ditu, %50 baino gehiago EBkoen esku geratuko balitz, EBko konpainiatzat joko bailuke Bruselak.
Lurreko garraioan, EB prest legoke urte erdiko baimen berezi bat emateko Erresuma Batuko kamioi konpainiei. Hori bai, mugan beharrezko tarifak ordaindu beharko lituzkete, eta dagozkien kontrolak igaro. Mantxa azpiko trenbideak eta Hego eta Ipar Irlanda lotzen dituzten autobusek ere baimena lortuko lukete.
Arrantzan, konplikatuagoa izan daiteke konponketa. Britainiarrei EBren uretan sei hilabetez arrantza egiteko baimena emateko prest dago Brusela, baina ohikoena kontrakoa da, hau da, europarrek Eskozian eta Ingalaterran arrantzatzea; egoera horri buruzko desadostasuna da akordioa eragozten duenetako bat.




