Tapiak esan du lan eremuan ez dagoela COVID-19aren agerraldirik
Tapiaren iritziz, frogatuta dago osasuna babestearen eta jarduera ekonomikoarekin jarraitzearen arteko oreka aurkitu behar dela, nahiz eta horrek «esfortzu ikaragarria» eskatzen dien osasun langileei: «Euskal gizarteak udazkenean izango duen erronkarik handiena da oreka hori aurkitzea».
Azken asteetan hainbat enpresak iragarri dituzten kaleratzeen inguruan, adierazi zuen Jaurlaritzak «dena emango duela» konponbideak aurkitzeko. Tapiak proposatu zituen batzuk. Batetik, ordu poltsak sor daitezkeela esan zuen, eta, bestetik, azken asteetan gehien babesten ari den aukera aipatu zuen, langileei soldatak murriztea: «Egoera txarra delako egin daiteke hori, enpresak une zail honetatik irteteko eta, berriz irabaziak dituztenean, soldatak berreskuratzeko».
Aiaraldeko alkateekin
Tapiak bilera bat ere egin zuen atzo Ander Añibarrorekin eta Josune Irabienekin, Laudioko eta Amurrioko alkateekin. Langabeziak gogorren jo dituen eremuetako bat da Aiarako eskualdea —besteak beste, han daude Tubacexen lantegi nagusiak—.
Ekintza batzuk adostu zituzten. Lehenik, eskualdeko enpresa nagusiekin bilduko dira haien informazio zehatza eskuratzeko, hala, krisiaren eraginak arintzeko ezarri beharreko neurriak zehaztu ahal izateko.
Horrez gain, erabaki zuten berriz ere abiatzea Eusko Legebiltzarrean eratutako Aiaraldeko Sozioekonomia Lantaldea, Jaurlaritzak eta udalek hartzen dituzten erabakiak koordinatzeko eta eztabaidatzeko.




