EAEko BPGa % 7,3 jaitsiko da 2020an eta %…

Euskal ekonomiak % 7,3ko beherakada izango du aurten, koronabirusaren krisiaren ondorioz, baina % 5,8 egingo du gora 2021ean, BBVAren txosten baten arabera.


Hego Euskal Herrian, lau langiletik bat dago lan erregulazioan, eta bi enpresatik batek indarrean du neurria oraindik. Amaitua duten hainbat lantegitan aurkeztu dituzte horiek berritzeko proposamenak —oraingoan, ekoizpen arazoak argudiatuta—, baina sindikatuek abisatu dute ez dutela inposiziorik onartuko. Hala adierazi zuten atzo ELAk eta LABek, Arcelor Mittalek bere planta guztietarako iragarri dituen erregulazioei buruz —Siderurgia arloko multinazionalak zortzi lantegi ditu Euskal Herrian—.
Sindikatuek azaldu dutenez, herenegun eginiko bilera akordiorik gabe amaitu zen, eta enpresak bere planteamenduekin aurrera egitea erabaki du —ez du langile batzordeen babesa behar horretarako—. Salatu dute zuzendaritzak ez duela inolako konpromisorik eskaini, besteak beste, enpleguari eta inbertsioei eusteko, eta jarduera gehiago ez azpikontratatzeko. Enpresak, halaber, %75erainoko bermea aplikatu du kontzeptu guztietan, ekoizpen sarian eta aparteko ordainsarian izan ezik, eta erabaki du erregulazioan dauden langileek ez dituztela opor egunak sortuko.
ELAk zuzendaritzaren jarrera kritikatu du, eta nabarmendu aurreko erregulazioan ezarritako baldintzak «nabarmen okertu» dituela. Haren ustez, COVID-19aren ondorioak «langileek ordaintzea» nahi du zuzendaritzak.
LABentzat ere argi geratu da enpresak ez duela frogatu koronabirusaren ondorioz lan erregulazioa behar dela: alegia, ez duela azaldu pandemiak zer eragin duen enpresaren egoera ekonomikoan eta produktiboan. Horrekin batera, salatu du zuzendaritzaren helburua ez dela erregulazioaren bidez enplegua bermatzea, «kaleratzeekin mehatxatzea baizik».
Horiek hala, ELAk administrazioei eskatu die esku hartzeko eta «zorrotz» zaintzeko «enplegua eta etorkizuneko susperraldia arriskuan jar ditzaketen enpresen planteamenduak». LABek hitzarmen kolektiboen garrantzia nabarmendu du, eta gaineratu du irtenbidea ez dela etorriko «multinazionalaren neurrira sinatutako enpresa hitzarmenen bidez». Azpimarratu du ezinbestekoa dela sindikatuek «indarrak batzea», langileen «beharrak» agendan sartzeko.
Michelinen, lau hilabetekoa
Arcelor Mittalen ez ezik, Michelinen ere iragarri dituzte aldi baterako erregulazioak lantegi guztietan —bi Euskal Herrian: Gasteizen eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa)—. Gurpilak produzitzen dituen multinazional horrek sindikatuen esku utzi du dosierra aurkezteko memoria, eta erregulazioa aplikatzeko epea zein izango litzatekeen azaldu die: lau hilabete —maiatzaren 18tik irailaren 15era—. Enpresak langileen ordezkariei azaldu dienez, enplegua mantentzeko konpromisoari eutsiko lioke, baina hori eta beste xehetasun batzuk ez ditu oraindik argitu.
Volkswagen auto ekoizle alemaniarrak, berriz, jakinarazi du Iruñean duen lantegian astebete atzeratuko dutela bigarren txandako langileen itzulera —maiatzaren 22an hasiko dira—. Apirilaren 27an itzuli ziren lehen txandako beharginak.
Bai, LAPL lan arriskuen prebentzioari buruzko legean oinarrituta. Izan ere, enpresaburuak bere langileei osasuna zaintzea bermatu behar die, lanarekin zerikusia duten arriskuak aintzat hartuta. Halaber, ez da ahaztu behar Espainiako Gobernuak lan istripuarekin berdinetsi dituela COVID-19ak langileei begira eragindako bakartze eta kutsatze aldiak, aldi baterako ezgaitasunak eratorritako prestazioei dagokienez. Bada, horrek enpresaburuaren kostuak gehitzen ditu, gaixo baimenaren laugarren egunetik hamabostera arteko prestazioak bere gain hartu beharko dituelako. Hori horrela izanda, are zorrotzago jokatuko dute enpresaburuek, langileen artean gaitza heda ez dadin.
Frantziako Gobernuak ezetz dio, ezin dituztela egin. Frantziako Lan ministroak dio sekretu medikoa dagoela hor.
Kontuan hartu behar da Europako Batasunaren 89/391/EEE zuzentarauak estatu kide bakoitzaren legeriaren esku utzi dituela langileen osasuna behar den moduan zaintzeko neurriak. Orobat, zuzentarauak dio estatu bakoitzak hartu beharreko neurriok ahalbidetu behar dutela langile bakoitzak duen eskubidea bere osasuna denbora tarte erregularretan zaindua izan dadin. Halatan, erregela orokorra langileen borondatearen aldekoa da. Baina posible da estatu bakoitzaren legediak erregela horri salbuespenak ezartzea, langileen osasuna eta segurtasuna bermatze aldera. Esaterako, hori gertatzen da Espainian. Intimitatearena beste kontu bat da. Egin-eginean ere, argiro bereizi behar dira osasun zaintza, langilearen intimitatea eta osasun zaintzaren ondoriozko datu pertsonalak tratatzea.
Orduan, posible da oniritzirik gabe testak egitea?
Bai, baldin eta legeriaren baldintzak betetzen badira. LAPLak enpresaburuei ahalbidetzen die zenbait kasutan nahitaezko azterketak egitea, betiere, aldez aurretik langileen ordezkariek txostena eginda —nahiz eta azken hori loteslea ez izan—. Kasu horien artean dago, ulerbidez, bizi dugun egoerarekin bat datorrena, alegia, langile baten osasun egoera langile horrentzat, gainerakoentzat eta enpresari lotutako beste pertsona batzuentzat arriskutsua den egiaztatzeari buruzkoa.
Zein dira bermeak intimitatea, datu pertsonalak babesteko?
Lehendabizi, langileen osasuna zaintzeko eta kontrolatzeko neurriak bete behar ditu egiaztatutako eskumen teknikoa, prestakuntza eta gaitasuna dituzten osasun langileek. Bigarrenez, lortutako informazioak izaera pertsonala du, eta horren berri izan dezakete soil-soilik osasun langileek eta langileen osasunaren zaintzaz arduratzen den osasun agintaritzak. Gainera, informazio horren berri ezin zaie eman enpresaburuari eta beste pertsonei, langilearen esanbidezko adostasunik gabe. Hirugarrenez, langileei gauzatutako azterketen ondorioak jasoko dituzte soil-soilik enpresaburuak eta enpresako prebentzio arloan ardurak dituzten pertsonek eta organoek. Ondorio horien xede bakarra izan behar da jakitea langileak zenbaterainoko gaitasuna duen lanpostuan aritzeko eta, hala denean, lanpostua langileari egokitzea posible ote den, babes zein prebentzio neurriak ezarrita edo hobetuta. Laugarrenez, osasunari buruzko datuek kategoria bereziaren izaera dute datu pertsonalak tratatzeari dagokionez. Horrek esan nahi du xede jakin batzuetarako eta zorrotz araututako irizpideekin bat etorriz bakarrik baliatu ahal izango direla. Adibidez, posible da osasun agintaritzek azterketa zientifikoak gauzatzea, ukitutakoen adostasunik gabe, osasun publikorako garrantzi handiko eta larrialdiko salbuespeneko egoeretan.
Enpresek langileen segurtasuna bermatu behar dute.
Langile guztiei testak egitea ere neurri kolektibo moduan har daiteke, eta neurri kolektiboek lehentasuna dute beti banakako neurriei begira, babeserako jantziei eta maskarei begira, kasurako. Telelangileei ere testak egitea beharrezkoa litzateke, lan egiten jarraitzen dutelako. Bada, enpresaburuak horien segurtasuna eta osasuna babesteaz gain, telelangileak bere etxekoak kutsatzea saihestu behar du, bizi dugun egoeran lantokia eta bizilekua uztartuta baitoaz.
Ez da logikoagoa testak soilik osasun zerbitzuek egitea?
Espainiako Gobernuak lan istripuarekin berdinetsi baditu COVID-19ak jotako edo isolatutako langileen egoerak, zentzuzkoa da enpresaburuek testak egitea, osasun-zaintzako neurri gisa.
Hego Euskal Herrian, dena den, oraintxe bertan ez dira asko testak egiten dabiltzan konpainiak, testak urriak direlako merkatuan, besteak beste. Baina erosteko ahalmen gehiago duten enpresa handiek jada erakutsi dute testak egiteko asmoa: BBVAk testak ditu aurreikusita bere plangintzetan, eta Iberdrolak ere modu mailakatuan langile guztiei egin nahi dizkie antigorputzen probak.
Inor gutxik jartzen du zalantzan test masiboak giltzarri izango direla pandemiari aurre egiteko. «Hori da testen balio nagusia, gaixotasunari aurre egitea», uste du Pello Igeregik, ELAko Lan Osasuneko arduradunak. Horregatik, dio, testekin «osasun publikotik egiten diren azterketa epidemiologikoen arabera aritu beharko da, eta ez enpresen beharrei erantzuteko».
ELAren ustez, «ona da langileei testak egiteko aukera ematea, betiere aurretik funtsezko zerbitzuetarako test nahikoa badago. Hori bai, bermatuta gelditu behar du langileen intimitaterako eskubideak ere. Beraz, borondatezko proba bat izan behar du, osasun agintariek kontrakorik esan ezean».
Xabier Ugartemendiak, LABeko ekintza sindikaleko arduradunak ere argi dauka test masiboen garrantzia, baina ez du uste enpresek egin behar dituztenik, osasun sistema publikoak baizik. «Funtsezko zerbitzuetatik hasi eta pixkanaka beste sektore ekonomikoetan ere. Baina gure apustua da test horiek, enpresek ordainduta ere, arlo publikotik egitea».
Intimitatea
Frantzian, astelehenean, Muriel Penicaud Lan ministroak esan zuen preseski debekatuta dagoela enpresek euren kabuz test serologiko orokorrak egitea. Enpresak ez duela zertan izan langilearen egoera medikoaren berri. «Laneko medikuak jakin dezake, langileak kontatzen badio, baina hori ere sekretua da».
Hego Euskal Herrian legeak dio halako azterketak —eta test serologiko horiek—, prebentzio zerbitzuek egin behar dituztela; enpresek ez dute eskubiderik langilearen osasun egoerari buruzko informaziorik izateko. Salbuespen bat dago: lan jakinekin harreman zuzena izan dezaketen gaixotasunak.
Baina ELAko Igeregik azaldu du zenbait enpresak agertu dietela langileei probak eurek zuzenean egiteko asmoa. «Kasu horietan, eta arauak aldatzen ez diren bitartean, langileek eskubide osoa dute informazioa ez emateko».
Fidagarritasuna
Intimitatearen eta datuen pribatutasunaren gainetik badaude eragozpen handiagoak immunitate pasaporte moduko bat ezartzeko. Horietako bat, eta ez da txikia, test horien fidagarritasuna da. Presazko garapenarekin, test serologikoetako gehienen fidagarritasuna %80tik azpikoa da, eta %60koa askotan.
Igeregik hori azpimarratu du. «Osakidetzan une honetan langileei egiten ari zaizkien testen fidagarritasuna %60koa da, eta, karga biralaren arabera, fidagarritasun hori murritzagoa izan daiteke. Guk badakigu Osakidetzako langile batzuek positiboa eman zutela bere garaian eta orain negatiboa eman dutela. Horrek erakusten du probak ez direla behar bezalakoak».
Fidagarritasun gutxirekin halako probak ez lirateke baliagarriak pasaporte moduko baterako, ez herritarrentzat ezta langileentzat ere. OME Osasunaren Munduko Erakundeak berak ere hori uste du. Test bizkorrek negatibo faltsuak eta positibo faltsuak eman ditzakete, «eta bi akatsek ondorio larriak izan ditzakete, eta kalterako eragin gaitzaren kontrolean». Aurrerago, denbora lagun, test fidagarriagoak irits daitezke, baina oraingoz OMEk ez die baliagarritasunik aitortzen pasaporte modurik ezartzeko.
Zer immunitate?
Hala ere, beste ezeren gainetik, immunitate pasaporte batentzako eragozpen nagusia zera da: ez dagoela argi ea gaitza gainditzeak COVID-19aren kontrako immunitaterik ematen duen, eta jakiteko ere denbora beharko da. Hori da OME immunitate pasaportearen kontra agertzeko beste arrazoi nagusia: «Oraindik ez dago ebidentziarik erakusten duenik pertsona batek bigarrenez ez infektatzeko babesa duenik COVID-19a gainditu eta antigorputzak edukitzeagatik». Horregatik, uler daitezke Frantziaren erreparoak, bai eta herritarrei halako pasaportea ezartzeko Alemaniaren asmoak oraingoz apal batean gelditu izana ere.
Pasaporte baten kontrako beste eragozpen bat dira halakoen kontura sor edo eragin daitezkeen diskriminazioak. Immunitaterik ez duen langilea bota, immunitatea (ustez) duen bat kontratatzeko? Lan bila larri, gaitzaz kutsatzeko prest leudekeen pertsona zaurgarriak… Arrisku horiek badaude, eta immunitate pasaporte baten etikotasunaren eta arriskuen inguruko kezkak gero eta ozenagoak dira munduan, bai gizarte mailan, baita lan munduan ere.
Pasaporteak ez, baina testak bai, beraz. Hori bai, «testak ezin daitezke aitzakia izan enpresek beste neurriak malgutzeko», uste du Igeregik. «Enpresek langileen osasuna bermatzea da distantzia sozialak bermatzea, EPIak izatea, prebentzio neurriak… Testak izan daitezke balio erantsia. Baina immunitaterik ziurtatzen ez den neurrian ezin dute ondoriorik izan beste prebentzio neurrietan».
Ugartemendiak uste du lantegietako prebentzioa ezin dela testetan soilik oinarritu. Neurri higienikoak, neurri prebentiboak eta antolaketa neurriak hartu behar dira langileen osasuna babesteko. «Testak ere hor sartu beharko lirateke, baina beste guztiekin konbinatuta».



Udaberriko iragarpen makroekonomikoak berritu zituen atzo Europako Batzordeak. «Depresio handiaz geroztik ikusi gabeko kolpe ekonomiko bat jasaten ari da Europa», aitortu zuen Paolo Gentiloni EBko Ekonomia komisarioak. Eurogune osoan %7,7 txikituko da aurten barne produktu gordina, eta %6,3 handituko da 2021ean.
Kopuru horiek, ordea, soilik balioko dute baldin eta urtean zehar ez bada beste konfinamendu masiborik ezarri behar COVID-19ari aurre egiteko. Gaixotasuna berriz zabalduz gero, beste %3 bat txikitu daiteke ekonomia. «Atzeraldi sakonago eta luzeago baten arriskua oso erreala da».
Atzeraldiaren sakontasuna eta suspertzearen sendotasuna desberdinak izango direla onartu du Gentilonik, eta hiru faktore aipatu ditu horretarako: konfinamenduak kentzeko abiadura, turismoaren garrantzia, eta herrialde bakoitzaren finantza baliabideak. Hirurak ala hirurak dira batez ere hegoaldeko estatu kideei kalte egiten dieten faktoreak, eta horiek azal dezakete Bruselak aurreikuspen okerrenak Mediterraneo ingurukoentzat egin izana. Batzordearen iragarpena betetzen bada, Greziak BPGaren %9,7 galduko luke aurten, Italiak %9,5, Espainiak %9,4, Kroaziak %9,1, eta Frantziak %8,2.
Leuntze fase motelagoak
Italia, Espainia eta Frantzia oso gogor jo ditu koronabirusak, eta neurririk zorrotzenak haiek ezarri dituzte, Erromak eta Madrilek nagusiki. Iparraldekoek baino leuntze fase motelagoak ere iragarri dituzte, gaitza berriro indartzeko beldur handia baitute.
Grezian, berriz, koronabirusaren giza kaltea besteetan baino nabarmen txikiagoa izan da, besteak beste, gobernuak nahiko bizkor jokatu zuelako auzoei sortzen ari zitzaien arazoa ikusita. Datu ofizialen arabera, 146 hildako izan ditu, eta 25.000tik gora beste mediterraneoek. Baina Greziak jasango ditu gehien beste herrialdeetako konfinamenduaren albo kalteak, hark baitu turismoaren menpekotasunik handiena. Gainera, ahul dabil oraindik ekonomia, aurreko krisitik erabat atera gabe harrapatu baitu koronabirusaren krisiak. Kroaziak ere atzerriko turismoaren menpekotasun handia du.
Turismoak ematen dituen lanpostu asko galduta, Greziaren langabezia tasa %19,9ra irits daitekeela uste du Batzordeak. Baina ez da hura izango enplegu galera handiena izango duena; ohore hori Espainiari dagokio, enpleguaren behin-behinekotasun tasa handiaren ondorioz. Bruselaren iragarpenak betez gero, 4,8 puntu igoko da aurten langabezia, %18,9ra. Italian, BPGa gehiago erorita, 1,8 puntu igoko da (%11,8ra); Frantzian, 1,6 puntu, %10,1era.
Suspertzearen V itxura
BPGaren atzeraldia oso handia izango da Europa iparraldean eta erdialdean ere, baina ez hainbestekoa. Alemanian %6,4 txikituko da, Suedian %6,1, Austrian %5,5, eta Polonian %4,3.
V moduko krisi bat espero du oraingoz Europako Batzordeak, hau da, aurtengo eroriko handiaren ondoren suspertze bizkor bat etorriko dela datorren urtean, nahiz eta ez den galdutako guztia berreskuratuko. Eurogunerako, esaterako, 2021erako %6,3ko hazkundea iragarri du —bi urtean 1,4 puntuko galera—.
Baina V horrek itxura desberdina izango du herrialde batzuetatik bestera: V gutxi gorabehera perfektu bat izan daiteke Polonian (-0,2) eta Alemanian (-0,6), aurten galdutakoaren zatirik handiena datorren urtean berreskuratuko baitute. Baina V-aren bigarren makila etzanagoa izango dute hegoaldeko herrialdeek: hiru puntu galduko ditu Italiak, 2,4 Espainiak, eta 1,6 Greziak. Azken talde horretan izango dira Herbehereak ere, 2021aren amaieran BPGa 2019 amaieran baino 1,8 puntu txikiagoa izango baita EBren iragarpenak betez gero.
Bi abiadurako atzeraldiarekin kezkatuta dagoela onartu du Europako Batzordeak. «Batzuen eta besteen arteko desberdintasunak arriskutsuak dira barne merkatuarentzat eta eurogunearentzat», azaldu du Gentilonik.
Krisiaren kolpea arintzeko eta behar gehien duten herrialdeak laguntzeko plan bat aurkeztu behar zuen atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, baina aurkezpena aste batzuk atzeratu dute. EBren aurrekontua erabiltzeko baimena eman zuten gobernuek, baina ez daude ados laguntza hori banatzeko moduei buruz: maileguak nahi dituzte iparraldeko herrialdeek, eta diru transferentzia zuzenak hegoaldekoek, haien finantza publiko ahulak zailagoa egiten ari direlako jarduera ekonomikoari eusteko laguntza publikoak ematea.
Transferentziak izango direla esan du Gentilonik, baina epe luzera itzultzeko maileguak ere tresna baliagarriak direla.