47 positibo atzeman dituzte Gasteizko Mercedesen, eta bost Tubos…

ELAk salatu du Gasteizko Mercedesen 47 langilek eman dutela positibo koronabirusarekin, eta beste bostek Tubos Reunidosen.


Zehaztapen horiek egin zituen atzo Industria Ministerioak ohar batean, eta erabakia berretsi zuen Nadia Calviño Ekonomia ministroak, ordu batzuk geroago eginiko agerraldian, alboan Pablo Iglesias gobernukidea zuela —jarduera erabat gelditzearen aldekoa da Iglesias—. Adierazpen horrekin, gobernuak enpresa asko irekitzeko zirrikitua zabaldu du, baina hainbat galdera utzi ditu oraindik erantzun gabe. Emandako azalpenen arabera, Hego Euskal Herriko lantegi handi ugarik ez lukete euren jarduera eten beharko, euren bezero nagusiak nazioartean dituztelako. Dena den, ikusteko dago nola gauzatuko den hori.
Calviñok azaldu duenez, baimen hori igandeko erabakiaren interpretazio bat da. Nabarmendu du dekretu horren asmoa ez dela ekonomia gelditzea, baizik eta «hibernazio moduko batean» sartzea, herritarren mugikortasuna gutxitzeko eta kutsatzeak gutxitzeko. Horren harira, azpimarratu du dekretu horrek enpresei aukera ematen diela beren lantaldeak egokitzeko —«oinarri bat mantentzeko»—, produkzio kontraturik gal ez dezaten, eta alarma egoeraren ondorengo ekoizpen jarduerari eutsi ahal izateko. «Mugikortasuna murrizten saiatzen den lege dekretu bat daukagu [igandekoa]; jarduera ekonomikoa minimizatzen saiatzen dena, baina oinarrizko jarduera bat mantentzeko modua ematen duena ere, enpresek ekoizpen gaitasuna eta kontratuak gal ez ditzaten».
Erabaki horrekin, zenbait sektoretatik eginiko eskaerei erantzun nahi izan die Madrilek. Atzo, Jaurlaritzak «zirrikituren» bat bilatzeko eskatu zion beste behin, eta Asturiasko kasua gogoratu zion; han gobernuaren ordezkariak onartu du 30 bat enpresak euren jarduera ez etetea.
EAJk, berriz, Calviñoren «zuzenketa» eskertu zuen, baina zehaztasun gehiago eskatu zizkion. ELAk eta LABek, berriz, salatu zuten interpretazio batek ezin duela ordezkatu lege dekretu batek zehazten duena.
Autonomoak ere bai
Era berean, gobernuak argitu du igandeko dekretuan funtsezkotzat jotako jardueretako batean aritzen ez diren autonomoek ere lan egin ahalko dutela, mugitu daitezkeela euren lantokietara baimen berezi batekin. Baina euren kargura beharginak badituzte, baimen ordaindua eman beharko diete.
Gobernuko bi alderdiek atzo adostutakotik ezer gutxi aldatu da alor honetan. Zaurgarritasun egoeran dauden eta beste etxebizitzaren bat izateko aukerarik ez duten maizterren etxegabetzerik ez da egingo sei hilabetez, alarma egoera bukatzen denetik aurrera. Horrez gain, iraungitzear zeuden alokairu kontratuak beste sei hilabetez luzatuko dira automatikoki, eta ez da izango igoerarik.
Maizterrek, era berean, ICOtik interes gabeko mikromaileguak jasoko dituzte alokairuak ordaintzeko laguntza gisa, eta seitik hamar urtera bitarteko epea izango dute haiek itzultzeko. Horrela, Pablo Iglesiasen arabera, ziurtatuko da etxejabe txikiek, «pentsio urria alokatutako etxe batekin osatzen duen bikote ezkondu pentsiodunek», diru sarrera hori ez dutela galduko.
Mailegu txiki horiek ematerakoan, gobernuak zaurgarritasun egoerako maizter gisa hartuko ditu koronabirusarengatik eta larrialdi egoerarengatik kaleratutako pertsonak, aldi baterako erregulazioan sartu direnak eta egoera dela-eta sarrerak maila jakin batean murriztuta dauzkaten autonomoak. Azken buruan, itzulketa horren epea amaituta, maizterren batek ezingo balu mailegurik itzuli, Pablo Iglesiasek azaldu du estatuaren funts publikoetatik aterako dela dirua.
Dekretuak, hori bai, desberdindu egiten ditu etxejabe txikiak eta handiak. Etxejabe handiak dira alokairuan hamar etxe baino gehiago dituztenak. Horiei lotuta, alokairuen negozioan dauden inbertsio funts eta higiezin talde handiek euren ekarpena egin behar dutela uste du gobernuak. Horregatik, zaurgarritasun egoeran dauden maizterrek ezinezkoa badute alokairua ordaintzea, zorraren erdia barkatu beharko diote etxejabe handi horiek, edo, bestela, zorra berregituratu, hiru urteko epean ordaindu ahal izateko. ak.
Krisiaren ondorioz hipoteka mailegua ordaindu ezin dutenentzako atzerapena kasu gehiagotara zabaldu du gobernuak. Lehen etxebizitzen kasuez harago, bankuek ezingo diete kobratu lokal eta bulegoen gaineko hipotekarik jarduera etenda edo sarrerak murriztuta dauzkaten autonomoei, alarma egoera amaitutzat ematen den hilabetearen azken egunera arte. Ordaindu gabeko alokairuak dituzten etxejabeek ere, pertsona fisikoak badira, eskatu dezakete atzerapen hori hipotekentzat.
Aurretik hartutako neurria orokortu egingo du dekretu honek: ezingo zaio inori argindarrik, gasik edo urik moztu larrialdi egoerak irauten duen bitartean. Argindarrerako eta gaserako bonu soziala lortzeko baldintzak arindu egingo direla ere iragarri du Iglesiasek, eta laguntza hori eskatu ahal izango dute krisi honen ondorioz kaleratutako langileek eta jarduerarik gabe gelditutako autonomoek.
Alarma egoerak iraun bitartean behin behineko lan kontratua bukatu zaien eta langabezia sarirako eskubiderik ez duten langileentzako 440 euroko laguntza berezi bat onartu du gobernuak. Hilabete bateko ordaina izango da, eta gutxienez bi hilabeteko kontratua zuten langileentzat izango da. Ez da bateragarria izango beste gutxieneko errenta, laguntza eta antzekoekin.
Gizarte segurantzan egon arren, etxeko langileek ez dute izaten langabezia saririk, eta haientzako ere laguntza bat izango da, larrialdi egoerak iraun bitartean kaleratuak izaten badira edo lanorduak murriztu bazaizkie. Hilabete bakarreko laguntza izango da, kotizazio oinarriaren %70ekoa. Hego Euskal Herrian 37.000 langile inguruk kotizatzen dute etxeko langileen erregimenean.
Kontsumoko kredituen ordainketetan ere atzerapena izango dute zaurgarritasun ekonomikoan dauden pertsonek. Hiru hilabete egin ahal izango dituzte horiek ordaindu gabe.
Bertan behera gelditutako bidaien inguruan, berriz, gobernuak onartu du bezeroek bonu bat izango dutela urtebetez. Epe horretan erabiliko ez balute, jarri duten dirua itzuli egin beharko zaie.
Gizarte Segurantzako kotizazioen sei hilabeteko luzapena ere onartu du gobernuak, autonomoentzat eta enpresa ertain eta txikientzat, baldintza jakin batzuekin. Zorretan dauden kotizazioen ordainketa ere atzeratu ahalko da ekainaren 30era arte.
Baldintzak desberdinak izango dira kasuan-kasuan. Hala, aurretik luzapena ez duten eta koronabirusak kalte egin dien autonomoek apirilari dagozkien kotizazioak atzeratu ahalko dituzte %0,5eko interesarekin. Maiatzari, ekainari eta uztailari dagozkien kotizazioen atzerapena sei hilabetekoa izango da, eta ministerioak zehaztu beharko ditu baldintzak.
Langileak aldi baterako erregulazioan dituzten enpresek eta autonomoek ez dute abantaila bera izango. Soilik maiatzeko eta ekaineko kotizazioak atzeratu ahalko dituzte, eta haiengatik %0,5eko interesa ordaindu beharko dute.
Martxoaren 14tik aurrera jarduera eten duten autonomoek ez dute errekargurik ordaindu beharko apirilera bitarteko egunei dagozkien kotizazioetan.
Eustaten arabera, 883 dira hozkailu ontzi handietan lan egiten duten hego euskal herritarrak, eta horietako bat da Gabantxo, Haizea Hiru ontziko makinetako nagusia. Azaroaren 25ean irten zen etxetik lau hilabeteko kanpainari ekiteko, eta otsailaren 8an lurreratu zen azkenekoz, Abidjanen (Boli Kosta). Han lurreratzekoa zen duela hamar egun, itzultzeko hegaldia hartzeko, baina itsasoan geldiarazi zituzten. «Lehorretik deitu, eta aireportuak itxita zeudela esan ziguten. Orain ez dago inolako aurreikuspenik; ez dakigu noiz edo nola itzuliko garen. Mundu osoko nazioek itxi dituzte mugak. Gu ezin gara joan, eta gure ordez aritu behar dutenak ezin dira etorri». Euren enpresa hariak mugitzen saiatu da, baina alferrik. «Espainiak Boli Kostan duen enbaxadorearekin eta abar, baina gaur egun eskuak lotuta dauzka. Mundu osoan gertatzen ari da gauza berbera: ez da Boli Kostaren arazoa bakarrik. Indiako ozeanoan dauden lagunek ere arazo bera daukate».
Hamahiru lagun daude ontzian, hiru euskal herritar, galiziar bat, eta bederatzi afrikar, lau herrialdetakoak: Beningoak, Boli Kostakoak, Senegalgoak, eta Ghanakoak. Oraingoz, lanean jarraitzen dute, baina Gabantxok onartu du atzerapen luzearen aurreikuspenak eragina izan duela giroan: «Itzultzeko buruan zuen data heldu eta gero, jendeak ez dauka burua egon behar den tokian, eta errazago sortzen dira istiluak. Horrez gain, jendea nekatuta dago, ez fisikoki, psikologikoki baizik, eta errazago gertatzen dira erruak eta istripuak». Alde horretatik, Gabantxok badu eskarmentua egonaldi luzeak kudeatzen, eta, Euskal Herrian itxialdia agindu zenean, hura hobeto eramateko aholku sorta bat idatzi zuen Twitter sare sozialean, eta arrakasta handia izan zuen.
Eskarmentuak, baina, ez du dena leuntzen, eta teknologiak elkarren berri izateko modua asko erraztu duen arren, ez du ezkutatu etxekoekin hitz egitea «gogorra» dela. Haren amak 92 urte ditu, gaixo kronikoren bat ere badu familian, eta 7 urteko seme bat. «Dakien bakarra da astebete barru etxean egongo nintzela esan niola, eta aste hori bete dela eta ez nagoela. Zorionez, handik iristen zaizkidan albiste guztiak onak dira, baina txarrak balira, nola itzuli?». Herrialde ezberdinetako marinelak dira, baina kezka antzekoa dute: «Arrantzale afrikarrek ere familiarekin hitz egiten dute, eta entzuten dute zer gertatzen ari den beren herrian. Senegalen, gauez inor ezin da irten kalera, eta mugak itxita daude. Boli Kostan, berdin… eta urduritasuna da nagusi. Batez ere ikusten dutelako egunak aurrera doazela eta ez dagoela inolako berri onik».
Osasunez ondo daude guztiak ontzian. Itsasoan 50 egun eramatea nahikoa ziurtagiri da eskifaiako inor koronabirusak jota ez dagoela baieztatzeko. Baina lehenago edo geroago portura itzuli beharko dute janari eta erregai bila, eta horrek arriskua du. «Berriro itsasora joan behar badugu, eta gaixoren bat badago barruan, nola bakartuko dugu? Hemen ez dago sendagilerik, ez ospitalerik, ez ezer. Elkarren ondoan gaude egun osoan. Bat gaixotzen bada, denok kutsatuko gara». Enpresak beste hiru ontzi ditu Atlantikoan, eta han denak osasuntsu daude. Ez, ordea, Egalabur arrantzontzikoak. Marineletako bati kutsatua egotearen sintomak atzeman zizkioten, eta berrogeialdia egiten ari da Abidjango portuan.



Madrilek funtsezkoak ez diren jarduerak bertan behera utzi ditu. Argibide gehiago eskatzen ari zarete, ordea. Zergatik?
Inprobisazioak duen zamarekin aritu dira: argitasun falta. Aurrena dekretua onartu dute, eta, ondoren, idazten hasi dira. Bi akats handi ikusten ditugu. Funtsezkoak diren alorrak azaltzen dituen puntua saski-naski bat da. Beste puntu batek gutxieneko zerbitzuei erreparatzen die, eta ziurgabetasun handia eragiten du, ez duelako argitzen zein sektoretan egon daitezkeen zerbitzu horiek.
Nola jokatuko dute enpresek horren aurrean?
Batzuek oso argi dute jarduerarekin jarrai dezaketeela, eta beste batzuek zalantza asko dituzte. Guk malgutasuna eskatzen dugu dekretua interpretatzeko.
Adibidez, Sidenorrek eta Aernnovak itxi egin beharko dute?
Ezin badiote gutxieneko zerbitzuen aukera horri heldu, bai; edo gelditu ezin den fabrikazio prozesu bat ez badute, adibidez labe industrialak. Uste dugu kasu horietan jarduerari eusteko moduan daudela. Zaila da argi esatea, dekretua ere ez delako batere argia. Edonola ere, inork lanean jarraitzen badu bihar [gaur], eskuzabal jokatu beharko dute ez badagokio, ez baitago batere argi nori dagokion eta nori ez.
Zergatik ari zarete kosta ahala kosta jarduerari eutsi nahian?
Azken bi asteetan enpresei igorri dizkiegun inkestek islatu dute erdira jaitsi dela jarduera. Bada, osasunaren eta ekonomiaren arteko oreka aurkitu behar dugu. Ez da egia bata edo bestea aukeratu behar dela; ez da egia guk bakarrik etekinak nahi ditugula eta besteek osasuna. Hori ezin da horrela azaldu. Osasuna lehentasun gisa har daiteke, eta horrela da guretzat ere, baina aldi berean, jarduera ekonomikoari helduta, beharrean ari direnak segurtasun guztia dutela. Okerra da pentsatzea dena itxi eta arazo ekonomikoari aurrerago ekingo diogula. Enpresen kasuan ezin da off botoia sakatu eta gero on sakatu, besterik gabe. Jarduera ez da geratzen: hornitzaileei pagatu behar zaie, maileguak… makina ez da gelditzen gobernuak esaten duelako gelditzen dela.
Bi aste dira, eta Aste Santuko oporrak tartean.
Eta Pazko astea ere bai, seguruenik. Bitxia da Aste Santuaren aurreko astea eta Aste Santukoa gelditzea, eta ez erabiltzea aste hau itxiera prestatzeko, gradualki itxi dezagun. Askok ez dute denborarik eduki biharko nominak kudeatzeko ere. Hor ari dira bidean doazen kamioiak gelditzen eta abar.
Osasun irizpideak agintzen du, ordea.
Osasun arrazoiak hor daude, baina esango nuke azken dekretu honen atzean osasun arrazoia ez dela nagusia. Ez du ematen zientzialari batzorde baten erabakia, hautu politiko bat baizik, gobernuan dauden bi alderdien arteko orekan. Hori ematen du.
Unidas Podemosen bizkar uzten ari zara enpresen itxiera?
Orain erabakiak hartzea ez da batere erraza. Ardura politikoa zama handia da, akats tarte bat onartu behar da, baina oraingoan tarte hori handiegia izan da. Yolanda Diaz Lan ministroak sentsibilitate handiagoa eduki beharko luke enpresekin, honek ez dielako bakarrik langileei eragiten.
Gehiengo sindikalak funtsezkoa ez beste jarduera guztia eteteko eskatu du osasuna bermatzeko. Nola nahi duzue segitu eta osasuna bermatu aldi berean?
Hasieratik protokolo argiak bete ditugu prebentzioaren alde. Enpresa gehienak jabetu dira arazoaren neurriaz, etxean baitute askok arazo hori. Lantaldeekin hitz egin dute, neurriekin konfiantza izan dezaten. Etxeko lanak egin ez dituztenak, ez ditugu babestu. Lan Ikuskaritzak eragotzi egin behar du neurriak betetzen ez dituzten enpresen jarduera. Garbiketa, langileen arteko tarteak eta babestekoak behar dira gehienetan. Enpresa gehienetan bete da hori, eta ez bada bete kasuren batean, horrek ezin du balio denak zaku berean sartzeko.
ELAk eta LABek garbi esan dute osasuna ez dela bermatzen ari enpresetan.
ELAren eta LABen erabakiaren atzean aldagai politikoa dago, EH Bilduren posizioarekin loturik. Estrategia horretan ez dago bakarrik osasunarekiko kezka, enpresariek ere badugu kezka hori; horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta enpresei pultsua egiteko borondate politikoa izan dute, eta oso epe motzeko ikuspuntuz, gainera. Ez diote biharamunari begiratu. Osasuna berma zitekeen neurri zehatzak hartuz, eta lanean.
Nolakoa izango da biharamuna?
Atzeraldi batera goaz; langabezian 10.500 pertsona gehiago daude EAEn. Martxoa bukatzean 12.000 inguru izango dira. Krisi sakon batera goaz; 2008koaren aldean desberdina, hori bai.
Desberdintasun horrek susperraldiaren alde jokatzen du?
Seguruenik bai. Baikor naiz. Konfinamenduaren ostean, gogo bizia egongo da seguruenik bidaiatzeko, kontsumitzeko, bizitza soziala egiteko, alegia; eta enpresetan ere gogo bizia egongo da galdutakoa berreskuratzeko. Merkataritza harreman biziak ekar ditzake horrek. Ez du ematen oso luzea izan behar duenik. Nik ikusten dut errebote efektua egon daitekeela, agian ez V formaz, baina U formaz bai. Ikusten ez dudana da L bat, urte batzuetarako krisia.
Susperraldi horrek sakrifizioak exijituko ditu enpresetan?
Gure mezua da neurriz aritzea, erabaki zuhurrak hartzea, eta elkarrizketaren bidezko proposamenak egitea langileei. Kaleratzea azken erabakia izan dadila nahi dugu, malgutasunari lehentasuna emanez. Langileek ere onartu beharko dute ohiz kanpoko egoera bat bizi dugula, eta kolaborazio izpiritua beharko dela enpresetan, denok gal dezagun ahalik eta gutxien. Dena edo ezer ere ez, halako partidak alde batera utzi beharko dira enpleguari eusteko. Eta, argi dago, gerta daitezke soldatak jaitsi beharra eta kaleratze batzuk ere bai han eta hemen. Baina denak izan behar du neurrikoa eta arrazoitua. Hala ere, argi esan behar da garai zailak datozela, eta enpresa batzuek ezin dutela bizirik segitu koronabirusaren ondoren.