Auzipetuek «talde antolatu bat» osatzen dutela eta «indarkeria» erabili zutela lanak geldiarazteko. Horra akusazioak eta fiskaltzak behin eta berriro nabarmendu nahi izan duten ideia, Aroztegiko auzipetuen aurkako epaiketaren lehen saioan. Gaur abiatu da Baztango zazpi herritarren aurkako prozesua, Iruñeko Zigor Aretoko 3. Epaitegian. 2021eko apirilean, Aroztegia hirigintza proiektuaren lanak oztopatu zituen herritar talde batek Lekarozen (Baztan, Nafarroa): hondeamakinen aurrean jarri, bideak itxi eta hirigintza proiektuaren lanak geldiarazi zituzten. Talde kriminal antolatu bateko kide izatea leporatzen diete zazpi auzipetuei, eta derrigortze eta bortxa delituak egin izana. Hori dela eta, hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak galdegin dizkiete, orotara. Saioa hasi aurretik, epaiketa ateak itxita egitea galdegin du akusazioak, epaitegiaren kanpoaldean akusatuen aldeko elkarretaratze bat antolatua zegoelako, eta «istiluak» sor zitezkeelako. Defentsaren abokatuek argudiatu dute akusazioak «auzipetuen aurkako giro bat» sortu nahi izan duela, «lekukoentzako arriskua dagoela iradokiz». Epaileak atzera bota du eskaera, ez baitu ikusi inongo arriskurik ez lekukoentzat ez beste inorentzat. Hala ere, telematikoki deklaratzeko aukera eman die lekukoei. Guardia Zibilaren testigantza Atestatua idatzi zuten bi guardia zibilak izan dira deklaratzen lehenak. Adierazi dute salaketak jaso zituztela «makinei eginiko kalte materialengatik eta langileek jasotako irain eta mehatxuengatik». Hala ere, aitortu dute eurek ez zituztela auzipetuak identifikatu, Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuak baizik, oinarritzat hartuta «Youtubeko eta tokiko hedabideetako bideoak», besteak beste. Zehazki, esan dute «ezker abertzaleari lotutako pertsonak» identifikatu zituztela, Aroztak ekinaldiak 2021eko apirilean Lekarozen eginiko kanpaldiko bideoak ikusi eta gero. Hedabideetan elkarrizketak ematea edo Aroztegiko proiektuaren aurkako mugimenduaren izenean hitz egitea, hori ere erabili zuen Guardia Zibilak, auzipetuak identifikatzeko tenorean. Bi agenteek esan dute ez zutela egiaztatu Internetetik hartutako bideo horiek noiz grabatu ote zituzten: salatutako gertakarien egunean bertan ala beste edozein egunetan: «Salaketa jarri zutenek esandakoen arabera jarri genituen datak». Defentsaren abokatuek zalantzan jarri dute prozedura, eta nabarmendu dute identifikazio gehienak 2021eko apirilaren 8an eta 9an egin zituztela, Lekarozko kanpaldia hasi baino astebete lehenago eta kalte material larrienak gertatu aurretik. Guardia zibilen esanetan, gainera, Aroztegiaren aurka mobilizatu ziren herritarrek «indarkeriaz» jardun zuten, era antolatuan. «Ez zuten jokabide pasiboa erakutsi: makinen aurka oldartu ziren, eta arriskuan jarri zituzten langileak. Talde antolatua osatzen zuten, oposizio zibil oro antolatua baitago». Guardia zibiletako batek onartu du Aroztegiaren aurkakoek eginiko ekintzetako batzuk «justifikatuta» egon zitezkeela «desobedientzia zibilaren» ikuspegitik, baina gaineratu du desobedientzia zibila «baketsua» izan beharko litzatekeela: «Uste bazuten obra horiek legez kanpokoak zirela, bazuten salaketa aurkeztea». Enpresen txanda Guardia zibilen ostean, lekuko gisa deklaratu dute Palacio de Arozteguia luxuzko hirigintza eta turismo proiektuaren sustatzaileek eta obretan aritutako enpresen ordezkariek. Palacio de Arozteguia SM enpresaren eta UGEP Udalerriz Gaindiko Eragina duen Planeko konpentsazio batzordearen izenean hitz egin du Salvador Urbistondok. Esan duenez, lanak hasi ziren egunean —2021eko apirilaren 6an— «zenbait pertsona» sartu ziren Aroztegiko eremura, proiektua gelditzeko eskatuz: «Egoera horiek ugaritu egin ziren apirilaren 6tik 8ra bitartean. Taldea gero eta handiagoa zen, eta hobeki antolatua». Urbistondok ere bat egin du akusazioaren argudio nagusiekin; hots, proiektuaren aurkakoek «talde antolatu bat» osatzen zutela eta «indarkeria» erabili zutela: «Lanak sabotatu zituzten, makinak puskatu, ateak blokeatu… Pertsonei ere mehatxu egin zieten. Langileak ikaratuta zeuden. Niri neuri ere mehatxu egin zidaten». Lehen egunetan obretara protesta egitera joandako herritar horien artean, auzipetu bakar bat ezagutzen zuen Urbistondok lehendik. Aitortu du gainerakoak identifikatu zituela Guardia Zibilak erakutsitako irudien eta obren arduradunak emandako informazioaren bidez. Estu hartu dute defentsako abokatuek: «Zuzenean ikusi al zenuen nola kentzen zituzten seinaleak?». Ezezkoa eman du proiektuaren sustatzaileak: «Gertakariak ez, ondorioak soilik». Bertsio bertsua eman dute Jose Mari Martin Otxandorena obretako arduradunak eta lanetan aritutako beste behargin batzuek ere. Tex eraikuntza enpresako langile izandako bat, ordea, aldendu egin da kontakizun horretatik: adierazi du ez zuela mehatxurik jaso, ez zuela bere burua arriskuan ikusi, eta obrak geldiarazteko modua «baketsua» izan zela. Eztabaida itzulpenaren kontura Epaiketan, bestalde, berebiziko garrantzia izan du euskarak. Hasieratik, argi gelditu da akusazioko abokatuek, fiskalak eta epaileak berak ez dutela euskarazko hitzik ulertzen, eta horrek eragina izan du froga gisa aurkeztutako txostenetan. Defentsak salatu du euskaratik gaztelaniara eginiko itzulpen gehienak «oso traketsak» direla. Lekukoetako batek esan du, adibidez, auzipetu batek aginduak ematen zizkiela besteei euskaraz. «Baina zuk ulertzen al zenuen esaten zuena?». Erantzuna: «Ez, baina ikusten nuen akusatuak zerbait esaten zuela, eta besteek men egiten zutela». Epaiketak segida izanen du bihar, eta ostiralera arte iraungo du.
Elbarritasuna aitzakiatzat hartuta, mutualitateek ez dizkiete lan istripuak aitortzen Gureak enpresako langileei. LAB sindikatuak hori salatu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta bi eskaera egin ditu: egoera konpontzeko eskatu dio aldundiari, eta kontingentzia guztien jarraipena bere gain hartzeko Gizarte Segurantzari, lanekoak izan zein ez. Sindikatuko zenbait kidek protesta egin dute Batzar Nagusien egoitzaren kanpoaldean, eta bi ordezkarik agerraldia egin dute batzarkideen aurrean. Azaldu dute «aspaldikoak» direla mutualitateekin dituzten arazoak, baina azkenaldian okerrera egin duela haien jarrerak. Agerraldiaren helburua hori azaleratzea izan da, baina baita «langileak jasaten ari diren diskriminazioa amaitzea eta konponbideak eskatzea ere». LABen iritziz, enpresak ardura zuzena du langileek bizi duten egoeran, «eta ez txikia»: «Enpresaren eta mutualitateen jarduerak kalte egiten die langileei, diskriminatu egiten ditu, eta prekaritatera kondenatu. Aniztasun funtzionala duten langileek ere izaten dituzte lan istripuak, nahiz eta batzuen iritziz hala ez izan. Praktika horiek sekulako ondorioak ditu haien bizitzan». Sindikatuak kontatu duenez, konponbideak topatzen saiatu da bai mutualitateekin bai enpresarekin hitz eginez, eta laneko ezbeharrak hala direla onartzeko eskatu die, baina ez du ezer lortu. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiekin ere elkartu ziren egoeraren berri emateko, eta gaurko agerraldia eginda «lehen lerrora» eraman nahi izan dute desgaitasunen bat duten langileen aldarrikapena. Ez du egokitzat jo Gureak-ek BERRIAri adierazi dionez, Mutualia da kontratatuta duen enpresa, eta, oro har, ondo baloratzen ditu haren zerbitzuak. Enpresak azaldu du mutualitatera bideratutako kasuen %5etan eman dutela desadostasunen berri langileek, zuzeneko komunikazioa dagoela prebentzio zerbitzuaren eta enpresa batzordearen artean, eta, kasuen jarraipena egiteko, astero ari direla biltzen prebentzio saila eta Mutualia. Laneko kontingentziak Gizarte Segurantzak kudeatzeko LABen eskariari buruz, berriz, Gureak-ek esan du oraingoz ez dela bideragarria eta ez duela egokitzat jotzen: «Lurraldeko enpresei egindako kontsultetan horietako batek ere ez du aldaketa hori planteatu». lan hitzarmena negoziatzeko laugarren bilera egingo dute bihar Enplegurako zentro berezietarako itun propioa lortzeko ahaleginetan dabiltza sindikatuak azken hilabeteetan, eta aurrerapausoak ematea nahi dute. Euskal Autonomia Erkidegoko langileek Espainiako lan hitzarmena dute oinarri orain, eta, lortuko balute, hitzarmen propio bat izango lukete lehenbizikoz. Mahai negoziatzailea laugarren aldiz elkartuko da bihar, Bilbon, eta ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek elkarretaratzera deitu dute, patronalak orain arte izandako jarrera salatzeko. Orain arteko bileretara Berezilan patronala eta FEACEM elkartea azaldu dira; azken horretako kide da ELHABE, Gureak, Lantegi Batuak eta beste bost talde biltzen dituen patronala. Azken bilera, hirugarrena, apirilaren 28an izan zen, eta orduan ere egin zuten protesta sindikatuek Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean. Enplegu zentro berezietan 13.000 lagunek lan egiten dute. Gehienek elbarritasun bat dute, eta zentro horiek dira lanean aritzeko aukera bakanak.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, uko egin dio Hizkuntza eta Kulturen Behatokien Nazioarteko Konferentzian parte hartzeari. Gaur bihar eta etzi egiten ari dira, Logroñon (Espainia), eta Espainieraren Behatoki Globala erakundeak gonbidatu ditu, baina ezetz esan diote, erakunde horren helburuak «gaztelania sustatzea, identitate gaztelaniadunak sendotzea eta hizkuntza horren ekonomia garatzea» direla iritzita. Eta, Behatokiaren irudiko, xede horiek «zuzenean» oztopatzen dute euskararen normalizazioa eta iraupena Euskal Herrian, baita beste lurralde batzuetako gutxitutako hizkuntzena ere, prentsa ohar batean adierazi dutenez: «Hizkuntza gutxituak dauden lurraldeetan hizkuntza hegemoniko bat sustatzea oztopo larria da haien normalizaziorako eta etorkizunerako. Ondorioz, jardunaldi horien helburua ez da hizkuntza ezberdinetako hiztunen eskubideak eta hizkuntzen egoerak aztertzea, hala irudikatu nahi izan duten arren». Kontrara, Behatokiak nabarmendu du helburuak hauek dituztela: euskararen lurraldeetan hizkuntza eskubideak zaintzea eta euskararen normalizazioa lortzea. Eta horretan ari dira lanean. Horretarako, besteak beste, urtero ontzen dute txosten bat hizkuntza eskubideen urraketen inguruan. «Batez ere, Espainiako Estatuko administrazioek egindakoak dira», gehitu dute. Horregatik guztiagatik, uko egin diote jardunaldietan parte hartzeari, eta horixe jakinarazi diote erakundeko zuzendari Francisco Morenori. Gainera, 2024an hizkuntza eskubideetan izandako urraketen lagin bat ere helarazi die Behatokiak antolatzaileei.
Bridgestoneko CCOOk, UGTk eta BuBk sinatu dute erregulazio txostena, 420 kaleratze onartuta. Enpresak nabarmendu du 126 pertsona gutxiago kaleratuko dituztela, baldintzak “hobetuko” dituztela eta lantegien etorkizunerako “konpromiso industrialak” barneratuko dituztela.
Euroguneko ekonomia % 0,9 haziko da 2025ean Trumpek abiatutako merkataritza gerraren ondorioz. Euroguneko ekonomia nagusien artean, Frantzia % 0,6 haziko da aurten, eta Italia, berriz, % 0,7. Alemania, ostera, ez da haziko.
Jokin Altunaren kontra jokatuko du Iñaki Artolak buruz-buruko finala. Gasteizko Ogeta pilotalekuan Iker Larrazabalen aurka jokaturiko partidan nagusitu da gipuzkoarra, galtzen hasi arren. Atzo Jokin Altuna nagusi izan zen buruz buruko finalerdietan Unai Lasoren aurka, eta Aspekoa merezita sailkatu zen finalerako: 22-9 irabazi zion Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Nahieran ibili zen Altuna III.a, eta ezinean Laso. Gaurko partidako lehenengo tantoa Larrazabalek atera eta berak eraman du. Sake bikain batekin, bigarren tantoa ere eraman du arabarrak. Hirugarrena ere irabazi du pilotakada gogor batekin erantzun ezinik utzi duenean Artola. [articles:2141966] Hurrengo tantoa Artolaren hutsak eragin du, goregi eraman duelako pilota. Lau huts jarri da aurretik Larrazabal horren bidez. Baina Larrazabalek egin du kale hurrengoan, txapapera bidali baitu pilota. Artolak eraman du hurrengo tantoa, eta huts berdintsua egin du Larrazabalek hurrengoan. 2-4 jarri dira horrela. Bigarren etena eskatu du Artolak markagailua 2-6 jarri denean. Eta badirudi funtzionatu duela, Artolak erreakzionatu duelako hurrengo tantoetan. Amurrioarraren abantaila murriztu du Artolak, eta 6-7 jarri dira. Berdintzea lortu du Artolak hurrengoan, tanto gogor batean. Eta orduan eman dio buelta partidari alegiarrak: 8-7. Edonola ere, lortu berria zuen abantaila txikia galdu du Artolak, ondoren: ondo neurtu ez, eta luzeegi joan zaio pilota. Nahasia izan da partida une horretara arte, kolpe onak baino huts egiteak izan baitira nagusi tantoetan, bi aldeetan, gainera. Larrazabal engainatzea lortu du Artolak, eta dejada batekin lortu du 10-9 jartzea, partidaren 30 minutuan. Atsedenalditik Larrazabal lasaiago kantxaratzea espero bazen ere, dejada dotore batekin 14-9 aurreratu da Artola. Edonola ere, berriz saiatu da antzeko jokaldia egiten, baina luzeegi jo du, eta kanpora bidali du pilota. Larrazabalek sakez murriztu du gero gorriaren abantaila sakez. 23 pilotakadako tantu gogor bat jokatu dute gero: dejada, atzera, aurrera gero, berriz atzera, eta, azkenean, Artolak buru gainetik bota dio pilota urdinari, eta pasatzen ikustea besterik ezin izan du egin Larrazabalek. Beste pilota bat galdu du Artolak goregi bidalita ezker paretan. Opari asko egin dizkiete elkarri bi pilotariek. Hurrengo tantuan ere, huts larria egin du Larrazabalek: motz geratu da sakean. Eta Artolak ez du hutsa barkatu, eta hurrengo pilotan hormabikoaz baliatu da, 18-12 jartzeko. Larrazabalen nekea nabarmen geratu da azken tantoetan. Dejada dotore batekin jarri da 21-12 Artola. Partida amaituta ez dagoela esan dio botileroak Larrazabali, lehen ere buelta eman izan dizkiela halakoei. Baina ezin. Finalean, azkenean, elkarren bila ibili diren bi pelotari arituko dira. «Hasieran berak dantzan jartzen ninduen. Pilota karga handiarekin heltzen zitaidan goitik», esan du Artolak. Aurrekoan jokatzerik izan ez zuen finala jokatuko duela gogoratu du alegiarrak. «Nork esan behar zidan berriz ere jokatzerik izango nuela, eta pelotari beraren aurka». Altuna gaurko pelotaririk onena dela gaineratu du.«Hari irabaztea ikaragarria litzateke». Gehiago egitea espero zuela esan du Larrazabalek. Hurrengo urterako fisikoki hobetzea espero duela esan du: «Hauek ikaragarriak dira», esan du aurkarien inguruan. Edonola ere, sasoi bikaina egin du, eta etorkizunerako kontuan hartzeko pilotaria izango dela argi utzi du.
Denboraldi ikusgarria osatzen ari da Athletic, eta horren erakusgarri, hauxe: liga amaitzeko jardunaldi baten faltan, laugarren postua bermatu dute zuri-gorriek. 0-1 irabazi diote Valentziari, Berenguerrek 72. minutuan sartutako gol ikusgarri bati esker. Area ertzean baloia hartu, pare bat ukitu emanda aurkariarengandik urrundu, eta suziria bota du, zuzenean sareetara. Atezainak ez du usaindu ere egin. Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu eta gero, Athleticek laugarren postuari eustea zuen helburu. Bada, hori ere egin du, eta, beraz, beste sari bat ere badauka: Espainiako Superkopa jokatuko du. Badago aintzat hartzeko moduko beste datu bat: azken bost partidetan atea hutsean uztea lortu dute zuri-gorriek. Hau da, Las Palmas, Reala, Alaves, Getafe eta Valentzia ez dira gai izan Athletici gol bakar bat ere sartzeko. Azkenekoz, 1983an lortu zuten hori zuri-gorriek, Javier Clementeren aginduetara. Atzean sendo aritu dira bilbotarrak denboraldi osoan, eta erabakigarria izan da hori. Ligan gol gutxien jaso dituen taldea da: 37 partidatan, 26 baino ez. Guztien meritua izan da, baina aipatzekoa da atepean Unai Simonek egindako lana. Valentziaren aurka ere horma bat eraiki du. Joan-etorrikoak izan dira lehen minutuak. Gogotsu zelairatu dira Athleticeko jokalariak, eta Sancetek laugarren minutuan izan du lehen aukera; Adamaren erdiraketa errematatu du, baina kanpora joan zaio. Hurrengoa, Valentziak izan du: Riojaren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Unai Simonek. Baita, atsedenaldia iristear zela, Diakhabyren burukadari ere. Ondo lehiatu dira bi taldeak, baina erasoan argitasuna falta izan zaie. Zuri-gorriek, ohi bezala, goian egin dute presioa, eta, horren ondorioz, Valentziaren zelaian gehiago ibili da baloia. Motelagoa izan da bigarren zatiaren hasiera, eta ez da ia ezer gertatu lehen ordu laurdenean. Aulkia mugitzea erabaki du orduan Ernesto Valverdek: Williams anaietan zaharrena eta Unai Gomez zelairatu ditu Adamaren eta Sanceten ordez. Hala, hortik gutxira hautsi du berdinketa Athleticek: magia egin du Berenguerrek, eta, ziurrenik, jardunaldiko golik ederrena sartu. Konfiantza eman dio golak talde zuri-gorriari, eta hark izan du hortik aurrera jokoaren ekimena. Arazorik gabe kudeatu du abantaila, eta kontrolpean izan du partida amaierara arte. Sasoia borobildu dute zuri-gorriek, laugarren postua ziurtatuta. Valentzia-Athletic Valentzia. Mamardashvili; Mosquera, Diakhaby (Fran Perez, 81. min.), Tarrega, Gaya (Aarons, 81. min.), Barrenetxea, Javi Guerra, Diego Lopez (Ivan Jaime, 55. min), Rioja, Almeida (Rafa Mir, 73. min.); eta Sadiq (Hugo Duro, 73. min.). Athletic. Unai Simon; Lekue, Vivian, Paredes, Yuri; Prados (Vesga, 74. min.), Galarreta (Juareguizar, 74. min.), Adama (Iñaki Williams, 64. min), Sancet (Unai Gomez, 64. min.), Berenguer; eta Guruzeta (Maroan, 81. min.). Golak. 0-1: Berenguerrek (72. min.).
Realaren aro loriatsu baten lemazaina izan da Imanol Alguacil azken urteotan. Haren gidaritzapean gauza handiak lortu ditu talde txuri-urdinak: tartean, Espainiako Kopa bat irabazi du, eta bost urtez jarraian aritu da Europan. Ez du lortu seigarrenez sailkatzea, baina orain arte egindako guztia hor dago, eta badu meritua. Bada, Gironaren aurkako partida teknikariak Anoetan zuzendutako azkena izan da, eta agur beroa eman nahi izan diote guztiek: «Eskerrik asko, Imanol». Oriotarrak zaleen txalo zaparrada jaso du, Jokin Aperribai presidenteak urrezko intsignia jarri dio, eta jokalariek garaipen bat oparitu diote. 3-2 nagusitu dira txuri-urdinak Kataluniako taldearen kontra. Hiru golak, gainera, etxeko jokalariek sartu dituzte: Pablo Marinek, Oiartzabalek eta Mariezkurrenak. Azkenaldian ate aurrean ezin asmatuta zebiltzan donostiarrak, baina fin ekin diote Anoetako azken lehiari. Bosgarren minuturako aurretik ziren markagailuan. Brais Mendezek ateratako kornerra bikain errematatu du Pablo Marinek; zuzenean aulkira joan da, eta Imanoli besarkada bat emanez ospatu du gola. Azkar erantzun du Gironak: bost minutura markagailuan banakoa jarri du, Stuanik sartutako gol batekin. Eta beste hainbeste egin du segidan Realak. Hemezortzigarren minutuan, txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi du epaileak, eta kapitainak hartu du hura jaurtitzeko ardura. Ez du huts egin. Kasmisetari musu eman, eta Imanolengana joan da Oiartzabal ere; estu besarkatu dute elkar. Lehen zati amaieran gertu izan dute hirugarrena txuri-urdinek. Take Kubok boleaz izugarrizko zartatekoa eman dio baloiari, baina adi zegoen Gironako atezaina, eta kornerrera urrundu du jaurtiketa. Azkenean, 2-2koarekin joan dira bi taldeak aldageletara. Bigarren zatia, berriz, susto batekin hasi du Realak, Ivan Martin bakar-bakarrik geratu baita Remiroren aurrean. Oraingoan Realeko atezaina izan da bizkor ibili dena, eta salbatu egin du taldea. 53. minutuan ere, biak izan dira protagonista, eta beste behin geldiketa aparta egin du Remirok. Hurrengoan ja ezin izan du. Realeko jokalari ohi batek sartu du gola: Portuk, 77. minutuan. Ez dira konformatu donostiarrak, eta lanean segitu dute, partidaren azken-azken txanpan saria jaso duten arte: Mariezkurrenak berdinketa hautsi du 91. minutuan. Hala, garaipen batekin agurtu du Imanolek Anoeta, eta Anoetak Imanol. Reala-Girona Reala. Remiro, Traore (Aramburu, 65. min.), Aritz, Zubeldia, Javi Lopez (Mariezkurrena, 81. min); Zubimendi, Brais Mendez (Sergio Gomez, 58. min.), Marin (Turrientes, 65. min.); Barrenetxea (Sucic, 58. min.), Kubo eta Oiartzabal. Girona. Krapyvtsov; Frances, Arnau, Krejci, Blind; Solis (Abel Ruiz, 60 min.), Yangel Herrera (Danjuma, 87. min.), Asprilla, Ivan Martin (Arthur, 60. min.), Tsygankov (Oriol Romeu, 87. min.); eta Stuani (Portu, 69. min.). Golak. 1-0: Pablo Marinek (5. min.); 1-1: Stuanik (10. min.); 2-1: Oiartzabalek, penaltiz (20. min.); 2-2: Portuk (77. min.); 3-2: Mariezkurrenak (91. min.).