Finlandiako Gobernua prest dago lau eguneko lan astea probatzeko
Finlandiako lehen ministro Sanna Marinek iragarri du gobernua lau eguneko lan astea prestatzen ari dela. Gobernu eratu berriak neurri iraultzailea gauzatuko luke jorratzen ari dena arau bihurtuko balu, egunean sei orduko lanaldia proposatzen baitu Marinen administrazioaren planak. Egunero sei ordu lan eginda, lau egunean astero, 24 orduko lan astea litzateke paperak jaso duena. Alegia, orain arte parekorik izan ez duen sistema langileen alde.
Europa iparraldeko herrialdeen artean ere Finlandia da abangoardia kontziliazioan. Soldatapekoek beren lanaldia doitu dezakete behar pertsonalen arabera, hiru orduko tartearekin. Lanaldia luza edota murritz dezakete, alegia, eta telelana egitea oso arrunta da enpresetan.
Sanna Marinek, berriz, jauzi handia eman nahi du orain, lan astea 24 ordura murriztuta. Europako Batasunean 48 orduan dago gehieneko lan astearen muga, eta lan asterik laburrenak Suedian, Danimarkan eta Norvegian dituzte, 35 ordukoak. Frantzian ere 35 orduko lan astea aplikatzen da esparru askotan, beste zenbait herrialdetan bezala.
34 urteko lehen ministroa
Sanna Marin Finlandiako lehen ministro bihurtu zen joan berri den urtearen hondarrean. Finlandiako Alderdi Sozialdemokratako burua da, eta, abenduaz geroztik, bost alderdik sostengatzen duten zentro-ezkerreko gobernuburua. Soilik emakumeek osatu dute gobernua, eta haren lehen ministroak 34 urte dauzka.
Edonola ere, Finlandiako gobernu berriaren helburu bat baizik ez da oraindik 24 orduko lan astea, baina Marin urrats sozial handiak egiteko konpromisoarekin iritsi da gobernura. Ikusteko dago haren legegintzaldia amaitu aurretik martxan izango den ala ez.
Finlandiak baino lehen Suediak egin zuen sei orduko lan eguna martxan jartzeko saio bat, baina 30 orduko lan astearen bila. Zahar etxe batzuetan lan eguna zortzi ordutik seira murriztu zuten bi urteko epe batez, Goteborgen, eta langileen soldatei bere horretan eutsi zieten. Gaixo-baimenen kopuruak behera egin zuen modu nabarmenean, eta beharginen produktibitateak gora. Baina lanaldi sistema hori ez zen hedatu lan kostuek ere gora egin zutelako. Lanorduen murrizketak kontratazio berriak behartu zituen, eta horrek garestitu egin zuen azken gastua.
Frantzia izan da lanaldia murriztu duen azken herrialdea Europan. Duela hogei urte izan zen: 39 ordutik 35era eraman zuten lan astea, 2.000. urtean.

