Tubos Reunidosek 351 milioiko zorraren berfinantzaketa onartu du

Tubos Reunidosek 351 milioiko zorraren berfinantzaketa onartu du. Zorraren berregituraketak finantza erakundeen babesa duela adierazi du enpresak.

Haatik, zor bolumena ere jaitsi egin dela argi esan du konpainiak; orain 1.526 milioi euroko pasiboa dauka, aurreko urteko lehen erdian baino sei milioi gutxiago. Edonola ere, Jose Miguel Garcia Zegonaren ordezkariak konpainiaren gidaritza hartu duenetik, enpresak «denbora errekor batean» antolakuntza egitura berri bat ezarri duela esplikatu du; kaleratzeak ez ditu aipatu. Urteko bigarren hiruhilekoko emaitzetan islatu da jadanik errentagarritasuna handitzeko helburua duen plan berri horren eragina: %1,3 hobetu da fakturazioa, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta EBITDAk ere %4 egin du gora (84,4 milioi euro).
800.000 bezeroko langa
Euskaltelek 55 milioi euroko dibidendua banatu du aurten. Otsailaren 7an, 25 milioi banatu zizkien akziodunei, eta uztailaren 9an, beste 30 milioi. Horrek esan nahi du %4,2ko errentagarritasuna izan duela akzioak 2018ko batez besteko salneurriaren aldean, iaz baino %11,5 gehiago.
Euskaltelen hedapenak beste urrats bat egingo zuela jakinarazi zuen konpainiak urte hasieran. Azken sei hilabeteetan, beste 4.000 bezero ditu Derioko enpresak, R (Galizia) eta Telecable (Asturias) ere kontuan hartuz. Guztira, 772.000 bezerori ematen die zerbitzuren bat, Nafarroan eta Espainiako zenbait erkidegotan ere hasi duelako jarduera: Errioxan, Leonen, Kantabrian; Katalunian ere badabil zerbitzua ematen.
Azken hiruhilekoan, telefonia mugikorreko 24.000 linea berri martxan jarri ditu Euskaltelek, eta, dagoeneko, 1,15 milioi linea kudeatzen ditu. Telebistak beste 10.000 bezero dauzka (guztira, 465.000); eta banda zabalean, beste 7.000 bezero batu ditu konpainiak (587.000).
Boleko aireportua, Addis Abeba (Etiopia); 2019ko martxoaren 10a, goizeko zortziak eta hogeita hemezortzi. Ethiopian Airlines konpainiaren 302 hegaldia aireratzear da, Jorno Kenyattara bidean (Kenia). Hegazkinean 149 pertsona doaz, 141 bidaiari, sei kabinako tripulatzaile eta bi pilotu. Abiatu eta hiru minutu eskasera, pilotuak jatorriko aireportura itzultzeko baimena eskatu du, hegazkina modu ezegonkorrean igotzen ari dela eta. Hiru minutu geroago galdu dute hartu-emana. Oraingoan ere, ez da inor bizirik atera.
Hegazkin modelo berak bi istripu izan ditu bost hilabetean baino gutxiagotan: AEBetako Boeing konpainiaren 737 MAX berriak. Guztira, 338 hildako; gainera, antzeko ezaugarriak izan dituzten bi istriputan. Hilabeteak pasatu dira ezbeharrak jazo zirela, eta, oraindik ikerketak guztiz amaituta ez dauden arren, begirada guztiak gainean ditu 737 MAXaren MCAS Egonkortze Sistema Automatikoak. Beharrezkoa ez zen unean jarri zen martxan bi kasuetan.
Boeing, ehun urte baino gehiago dituen konpainia, inoizko krisirik handienean sartuta dago. Dennis Muilenburg Boeingeko arduradun nagusiak aste honetan bertan onartu du ez dutela alboratzen 737 MAX modeloaren produkzioa etetea aldi baterako.
Kopuru batzuk lagun dezakete 737 MAX hegazkinak lurrean uzteak sortzen dituen ondorioak neurtzen. Burtsan kotizatzen duten AENetako 30 enpresarik handienen kotizazioak jasotzen ditu Dow Jones burtsa indizeak, eta liderra da Boeing. 100.000 langile inguru ditu munduan zehar. 2018. urtean, 90.800 milioi euroren irabaziak izan zituen; horietatik 54.500, hegazkin komertzialen adarrari esker. 2019ko salmenten ia erdiak 737 MAX modeloari esker egingo zituztela aurreikusten zuten.
Hegazkinak, lurrean
Hegazkinen geldialdiak eragin larriak izan ditu, ordea. Urteko lehen sei hilabeteetan %37 jaitsi ditu salmentak Boeingek, eta %28 igo, berriz, haren aurkari nagusiak, Airbus europarrak. Azken emaitzen arabera, urteko bigarren hiruhilekoan, 2.640 milioi euroren galerak izan ditu hegazkin konpainiak. Besteak beste, Saudi Arabiako Flyadeal kostu apaleko airelinea 737 MAX modeloko 50 hegazkin erosteko eskaria egin zuen, eta bertan behera utzi du; 5.300 milioi euro balio zuen akordioak; horren ordez, 50 Airbus A320 NEO erosiko ditu. Mundu mailako lidergoa galtzeko arriskuan da Boeing.
Martxoraino egin behar da atzera hegazkin horrekin gertatu denaren kronologia egin ahal izateko. Martxoaren 10ean —Etiopiako istripua gertatu zen egunean—, zenbait airelineak bertan behera utzi zituzten Boeingen 737 MAX modeloak egin behar zituen hegaldi guztiak, argudiatuta ezbeharrak antzekotasun handia zuela Indonesian gertatutakoarekin. Martxoaren 11n galarazi zuen Txinak 737 MAXaren erabilera, eta 12an, Europako zenbait herrialdek. Martxoaren 13 goizerako AEBek, Kanadak eta Panamak soilik mantentzen zuten hegan Boeingen hegazkin familiarik ezagunenaren laugarren belaunaldiko harribitxia. Egunean bertan eman zuten atzerapausoa Kanadak eta Panamak ere.
Iritsi zen Donald Trumpen txanda. Estatu Batuetako presidentea bera arduratu zen herrialdearen ikurrik handietako bat den enpresaren hegazkin modelo hori lurrean gera zedila eskatzeaz. Honako hau txiokatu zuen egun hartan: «Boeing konpainia bikaina da. Oso-oso gogor ari dira lanean oraintxe, eta espero dugu erantzunak azkar aurkituko dituztela, baina, bitartean, lurrean mantenduko ditugu hegazkinak». Dennis Muilenburgek adierazi zuen, berriz, «publikoa lasaitzea» zela hegazkinak lurrean uzteko arrazoia.
Martxoan hasi zena istorio dramatiko bilakatu zen Muilenburgen konpainiarentzat, eta ez laburra gainera. Hankak lurrean iltzatu zizkieten dagoeneko zeruetan zehar zebiltzan 371 hegazkini. Boeingen hegazkin familiarik ospetsuenaren azken alea da 737 MAX modeloa, eta aurrekoek baino motor eraginkorragoak ditu, aerodinamika hobea eta fuselaje berria. Errekor guztiak apurtzen ari zen istripuak gertatu arte; azkarren saldu den hegazkina izan da AEBetako konpainiaren historian, eta, jada martxan zebiltzan ia 400 horiez gain, beste 4.754 eskari jasoak zituzten.
Irailera arte, gutxienez, ez da airera itzuliko 737 MAX modeloa. Hipotesi nagusien arabera, istripuak eragin zituen MCAS sistemaren hutsegiteez gain, hegaletan eta mikroprozesadoreetan ere aurkitu dizkiote akatsak azken azterketek.
Munduko hainbat segurtasun agentziak adostu beharko dute berriz hegan egiteko moduan den ala ez, eta ez dirudi erabaki samurra izango denik. Boeingek ez du inoiz onartu istripuak akats batek eragin zituenik.
Langileen aparkalekuetan
Hegazkinek hegan egin ezin badute, ezinezkoa da horiek entregatzea ere. Arazo horri aurre egin ezinik dabil, orain, Boeing. Seattle kanpoaldean, Rentonen, fabrikatzen da 737 MAX modeloa, enpresaren jatorriko hirian. Oraingoz, produkzioak ez du etenik izan han, nahiz eta apirilean murriztu egin zuten produkzioa: hilabetean 52 hegazkin egiteari utzi, eta 42 egiten hasi ziren.
Ekoitzitakoa gordetzeko lekurik gabe geratzen ari da Boeing Rentonen: hegazkinak ikus daitezke jada langileen autoentzako aparkalekuetan ere.


Merkatu globalen ziurgabetasuna dela eta, ekonomiaren motorra moteldu egin da euroguneko potentziatan, eta interes tasen jaitsiera atzoko espero zutenak ez ziren gutxi. Ez zen gertatu, baina denbora kontua dela berretsi du EBZk; hasteko, 2020. urteko bigarren erdira arte ez du posible ikusten dirua garestitzea; aitzitik, merkatu daitekeela uste du, merkatuak prestatuz uda amaieran iritsiko litzatekeen neurrirako. «Adituen kontseiluak» martxan jarri ditu Draghik, pizgarrien hedapen politikan nola sakondu aztertzeko.
Hasteko, zor publikoen bonuak berrarabiltzeko asmoa dauka EBZk, oraindik epe luze batez, eta interes tasak igotzen hasten direnetik aurrera ere bai. «Likidezia baldintzei eustea» da erakundearen helburua, inflazio txikia dagoelako eurogunean, %2ko helburutik urrun oraindik. «Ez dugu gustukoa ikusten ari garena», esan zuen Draghik, atzo; «ez ditugu onartzen inflazioaren maila txikiak etengabe». EBZko presidenteak esplikatu zuen Gobernu Kontseiluan akordio zabala egon zela egoera ekonomikoaren diagnosia egitean, baina ez hain zabala hartu beharreko neurrien inguruan. Alegia, hedapen politika areagotzearen aurkako presioak badirela EBZren barrruan ere.
Baina Mario Draghik argi dauka «hazkunde globala moteltzen» ari dela, eta nazioarteko merkataritza «ahulagoa» dela, eta horrek eurogunearen hazkunde aurreikuspenak baldintzatzen dituela. Eta, beraz, «behar bezainbesteko denboraz» pizgarriekin jarraitzeko bere konpromisoa ez dago zalantzan, nahiz eta oraingoz ez duen ikusi atzeraldirako arrisku esanguratsurik. Ganorazko kontsumoa eta lan merkatuaren eboluzio egokia lagungarri dira horretan.
Behera, 2011ko azarotik
Europako Banku Zentralak tarte estua dauka, ordea, egoera ekonomikoan eragiteko dituen neurrien eraginkortasuna handitzeko. Krisi Handiaren ostean, interes tasak handitu zituzten munduko beste banku zentral batzuek —tartean, Fed AEBetako erreserba federala—, eta, orain, gehiago eragin dezakete bazterturik ez duten jaitsiera batekin. 2011ko uztailean igo zituen interes tasak EBZk: %0,50etik %75era. Urte hartako azarorako, lehengoratu egin zuen egoera, eta,, ordutik, behera baizik ez ditu eraman diruaren tasak. 2012. urteko uztailean %0ra eraman zuen gordailuen tasa, eta 2014ko ekainean, negatiboan jarri zuen indikatzailea, alegia, bankuen gehiegizko erreserbengatik kobratzen hasi zen. 2016ko martxoaz geroztik, %0n dago bankuak astero birfinantzatzeko operazioen tasa, eta -%0,40ean banku gordailuena.
851 euro, alargunentzat
Pentsiodun gehienak, %65, erretiratuak dira, eta horien artean batez besteko pentsioa handiagoa da: hilean 1.379 euro, batez beste. Aldiz, alarguntasunarenak dira pentsioen %24, eta horien batez besteko ordaina 851 euro da.
Halaber, igo egin da Gizarte Segurantzak Hegoaldeko pentsioak pagatzeko hilero erabiltzen duen diru kopurua ere: 845,1 milioi pagatu berri ditu; urte hasieran baino 11,5 milioi gehiago.
Gaindegiak egin du langabezia tasaren zazpi lurraldeetako kalkulua, Espainiako INE k eta Frantziako INSEEk egindako neurketak baliatuta. Hala, Euskal Herrian 123.700 langabe zeuden joan den ekainean: aurreko hiruhilekoan baino 12.900 gutxiago, eta iazko ekainean baino 22.100 gutxiago. Horrela, langabezia tasak 0,79 puntu jaitsi da aurtengo lehen hiruhilekotik bigarrenera bitartean, eta tasa %8,3an finkatu da.
Lurraldez lurralde, eta INEren inkestaren arabera, Bizkaian jaitsi da gehien langabezia tasa (-1,49 puntu), eta jaitsiera leunagoa baina aipagarria izan da Gipuzkoan (-0,9). Aldiz, Nafarroa Garaian eta Araban puntu erdi jaitsi da tasa, eta Ipar Euskal Herrian 0,08 puntu baino ez da murriztu.
Dena dela, kalkulu orokorrerako Eustaten azken inkesta aintzat hartuz gero, emaitzak ezberdinak dira INEren datuekin alderatuta. Izan ere, Eustaten arabera, Araban jaitsi da gehien langabezia tasa (-1,6), eta Bizkaiko jaitsiera ez da izan INErena bezain nabarmena (-0,1).
«Oro har, bi iturrien emaitzak ez datoz bat, ez biztanleria aktiboan, ezta langabe gordinen kopuruak azken hiruhilekoan izandako bilakaeran ere», azaldu du Gaindegiak. Eustatek adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoan 5.000 pertsona aktibo gehiago daudela, eta 6.700 langabe gutxiago. INEk, ordea, adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.100 pertsona aktibo gutxiago daudela, eta 10.300 langabe gutxiago.
«Azpimarratzekoa da langabe kopuruaren beherakadan bat baldin badatoz ere, diferentzia nabarmena dagoela biztanleria aktiboaren joeran, INEk jaitsiera adierazi baitu eta Eustatek igoera», nabarmendu du Gaindegiak.
Bizkaian, tasarik handiena
Edonola ere, inkesten arteko ezberdintasunak ezberdintasun, Euskal Herriko langabezia tasarik handiena Bizkaian dago: %9,7 da, INEren arabera, eta %11,3, Eustaten arabera. Ostera, tasarik apalenak Ipar Euskal Herriak (%7,4) eta Gipuzkoak (%7,1) dauzkate. Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu sailburuaren ustez, «enpleguaren norabide ona» erakusten dute datuek, eta formakuntza gehiago eskatu du, enplegu maila handiagoa lortzeko.
Badira datu positiboak INEren inkestan: urtebetean 26.100 landun gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta biztanleria aktiboa ere handitu egin da, 3.700 pertsona gehiagorekin. Bestalde, Nafarroa Garaian, emakumeen langabezia tasa handiagoa da (%8,5) gizonezkoena baino (%6,8); aldiz, EAEn, gizonezkoen langabezia tasa handiagoa da (%9,5) emakumeena baino (%7,63).
Europako Batasunarekin alderatuta, Euskal Herriko langabezia tasak bilakaera hobea izan du EBkoak baino azken hiruhilekoan: 0,5 puntu jaitsi da tasa EBn, eta 0,79 Euskal Herrian. Hala eta guztiz ere, Euskal Herriko langabezia tasa oraindik ere EBkoa baino 2 puntu handiagoa da, nahiz eta bi tasen arteko aldea aurreko hiruhilekoan baino txikiagoa izan. Gaur-gaurkoz, beraz, Euskal Herriak baino langabezia tasa handiagoa daukate EBn bost herrialdek: Greziak (%18), Espainiak (%14), Kataluniak (%11,2), Italiak (%10), eta Frantziak (%8,4).
